Gaurko egunez duela 49 urte diktadura frankistaren azken urteetan Jon Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi “Otaegi” ETAko militanteak fusilatuak izan ziren. Ordutik, irailaren 27a Euskal Herriaren askatasunaren alde eroritako kide guztiak oroitzeko eta haiek zituzten amets berberen alde borrokatzen jarraitzen dugula adierazteko eguna da.

 

Hamarkadetan zehar milaka izan dira inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria ardatz, borroka kolektibo horretan murgildutako militanteak. Hainbat izan dira modu anitzetan eskuzabaltasunez eta konpromiso osoz herri hau bizirik mantendu eta eraiki duten pertsonak. Frankismoaren garairik ilunenetan, Euskal Herria desagerpenera kondenatuta zegoen testuinguru batean herri hau bizkargaineratu eta nazio kontzientzia berpizteko eginkizuna beregain hartu zuten berdinek. Euskal feminismoaren oinarriak eraiki eta patriarkaturik gabeko Euskal Herria egikaritzeko borroka abiarazi zuten. Eta horiek dira ere, euskaren aldeko borroka biziberritu eta euskalgintzaren aro berri bat zabaldu zutenak. Alegia, herri hau esker-eskuin astindu eta askapen prozesua abian jarri zuten.

Haiei zein hamarkadatan zehar konpromiso osoz ekarpena egin duten milaka eta milaka kideei zor diegu gaur guk Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren alde borrokatzen jarraitu ahal izatea, alegia Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko borroka inoiz baino biziago aurkitzea. Horregatik, gaurko eguna pertsona horiei guztiei aitortza egiteko baliatzen dugu.

Hala ere, gaurkoa ez da atzera begira kokatzen dugun egun bat. Alta, gaurko egunez etorkizunari begiratu eta hainbat urteren ostean inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko borroka inoiz baino biziago jarraitzen duela adierazteko zein proiektu horretan berresteko baliatzen dugu.

Mundua aurkitzen den bidegurutze honetan, gure herria, kultura zein oinarrizko eskubideak jopuntuan dauden unean, gaurko gazteona da garaian kide horiek egin bezala herri hau bizkargaineratu eta Euskal Herria askatasunera eramango duen matxinada berri bat abiarazteko eginkizuna. Hori baita Euskal Herrian duintasunez eta inongo zapalkuntzarik gabe bizitzeko modu bakarra. Euskal Herrian horrek estatu propioaren eraikuntzaren forma hartzen du eta hori irabazteko determinazio osoa dugu.

Gaur bizi ditugun hamaika errealitate behinola amets izan ziren neurrian, argi dugu gure belaunaldiak lortuko duela hamarkadetan zehar borrokatutako inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria egi bihurtzea.

Beraz, zutitu gaitezen ameslariak, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabazi arte!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Eusko Gudariak!