Neska, trans eta bollerok indarkeria matxista eta berau erreproduzitzen duen sistema zisheteropatriarkala gure egunerokoan bizi dugun zapalkuntza estrukturala da. Eta egunerokoan bizi eta jasan behar dugula esaten dugunean, indarkeria honek bereganatzen dituen hamaika aurpegi eta zapalkuntzen inguruan ari gara.

 

Batzuetan indarkeria honek gogor kolpatzen ditu gure bizitzak eta gure gorputzak, eta beste batzuetan modu oso sotilean igaro ohi da gugandik. Baina finean bai batean zein bestean egiturazko indarkeriaz ari gara.

Indarkeria matxista jasaten dugu gure familia barruko zaintza lan guztiak gure bizkar gainean erortzen direnean, guk horretan zer esanik izan gabe;  generoaren arabera are eta prekarioagoak garenean. Eta bai, gu gara erabat feminizatuak dauden zaintza lanak burutzen ditugunak, emakume gisa sozializatuak izanagatik zaintza lanak gure gain hartzen ditugunak… eta abar luze batek gurutzatzen ditu gure bizitzak.

Azken finean bizi garen gizarteak, indarrean dauden harreman egiturek eta sistemak berak balore patriarkal eta matxisten hedapena sustatzen dute. Hori egunerokoan ikus eta antzeman daitekeen zerbait da, gure gizartean joera normaltzat hartu arte. Baina hori sostengatu ahal izateko  hainbat baliabide bereganatzen dituzte: ultra eskuinaren markoen inposizioa, justizia patriarkala, diskurtso misogino eta antifeministak…

Azken urteetan argi geratu da feminismoaren indarra eta feminismoaren eraldatzeko gaitasuna. Mugimendu feministak indarra hartzearekin batera hau erasotzeko eta erridikulizatzeko hainbat tresna jartzen dira martxan. Erreakzio matxista eta kontserbadoreak gailentzen ari dira, eta horiek biolentzia heteropatriarkal zein eraso sexisten egiturazko izaera ukatzen dute.

Guk argi daukagu feminismoa dela gaur egun zapaltzen gaituen sistema iraultzeko tresna eraginkorrenetako bat. Mugimendu feministak jakin izan du autodefentsaren alde borroka eta denon eskubideen aldeko borrokaren arteko uztarketa bat egiten eta elkar elikatzen direla ulertuz bere praktika politikoa osagarrituz joan da.

Azken finean estrategia kolektibo baten inguruan ari gara hizketan.  Feminismoaz eta autodefentsa feministaz ari garenean bizitzeko beste modu baten inguruan hizketan gabiltza. Amesten dugun Euskal Herria eraldatzeko, denon bizitzak erdigunean kokatuko dituen herri bat eraikitzen gabiltzanaren seinale.

Euskal Herria Feminista eraikitzera bidean, egungo antolaketa sozial eta ekonomikoa inpugnatu eta pertsona guztien bizitzak erdigunean jarriko dituen alternatibaren alde gabiltza lanean egunez egun. Bide horretan ulertu behar dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintzak erdigunean jartzeko egindako apustu estrategikoa, eta borroka ziklo horren urrats gisa ulertzen degu greba feminista orokorrerako bidea. Azken finean, greba eta burutzen ari den prozesu honetan bizitza osoan zainduak izateko eskubideaz, eta zaintzeko betebeharraz ari gara. Zaintza lana delako, eta beste modu batean egin eta banatu behar delako.

Gaur, indarkeria matxistaren aurkako eguna dugun honetan, Mugimendu Feministak mobilizatzeko egindako eskaintza zabalean parte hartzera dei egiten dugu. Orain da garaia, kaleak hartu behar ditugu eta espazio, ikuspegi eta borroka ezberdinetatik patriarkatuari ateak itxi behar dizkiogu, patriarkatuarekin gerra batean kokatzen garelako azken finean.

Neska* gazteok saretzeari, antolatzeari eta borrokatzeari ekin behar diogu. Orain da momentua ekiteko, gure eskubideak borrokatzeko eta denon bizitzak erdigunean jartzeko. Horretarako Euskal Herrian errotua egongo den zaintza sistema publiko komunitario sendo bat behar dugu.

Patriarkatuari gerra!

Neska gazteok autodefentsa feminista!

Gora borroka feminista!