Maiatzaren lehenean gazteon bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditugu. Gazteok hilabeteak daramatzagu, gazteon prekarizazio prozesu orokortua salatzen, gazteon egoera mahaigaineratu eta bestelako bizi baldintza batzuk eraikitzeko ortzimuga bat markatzen, M1ean, bide honetan aurrera urratsak emateko Gazte Mobilizazio bat deitu dugu, LABen deialdiarekin bat egingo duena.
Gazte udaberria zabaltzen ari da, eta horrek gazteok eztabaida politikoaren erdigunea hartu eta protagonista izatea esan nahi du. Horregatik, kapitalari alternatibak loratzeko, batu ginen Lezon eta orain mugarri berri bat dugu esku artean, bizitza duinen udaberriaren alde gazteok lehen lerroan egongo gara.
Bizitza eta kapitalaren arteko talka geroz eta bortitzagoa da. Zibilizazio krisi bete betean gaude eta honek forma berezitua hartzen du gazteongan. Sektore zaurgarria izanagatik modu nabarmenagoan kolpatzen gaitu. Belaunaldi krisi bat bizi dugu, ez baitugu krisia ez den beste egoerarik ezagutu. Emantzipatzeko ezintasunetik, osasun mentala eta gaixotasun psikosozialen hazkunderaino antzeman dezakegu gure belaunaldiak muturreko egoera bat bizi duela. Gero eta bortitzagoa den krisi egoera baten aurren aurkitzen gara, gazteon bizitzak arriskuan jartzeraino.
Eta ez, ez gara urruneko errealitatez ari, Nafarroan bertan datuei begiratuta gazteok Euskal Herrian bizi dugun egoera antzeman dezakegu; Nafarroan enpleguaren behin behinekotasun tasa %46,7-koa da. 10 gazteetatik 4 baino ez dira gai haien irabazi ekonomikoetatik bizitzeko. Bataz besteko emantzipazio tasa 27 urteetan kokatzen da. Eta ezin aipatu gabe utzi Nafarroan lan eremuak jasaten ari duen desploblazioa.
Gazteok ezin dugu gehiago, baina egoera hau iraultzeko determinazio osoa dugu. Argi dugu sistema kapitalistaren garapen mugaezinaren eskutik etorritako egoera dela baita kapitalismoaren mesedetan aritu diren agintari politikoen erantzukizunez, etekina helburu bakarra duten enpresarien interes eta estatus quoa mantendu nahi izan duten boteredun horien erruz. Neoliberalismo zisheteropatrialkalak ez du krisia ez den beste eskaintzarik guretzat, sistema hau ez da sostengagarria eta guk ez dugu sostengatuko.
Gu dena aldatzeaz ari gara, eta horretarako alternatiba integral bat mahai gaineratu eta hau aurrera eraman behar dugu. Alegia, pertsona zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzea da egoera hau iraultzeko bide bakarra, hau da, Euskal Herria sozialista eta feminista.
Horretarako, gaurtik hasita gazteon zein herritarren bizi baldintzak hobetzeko neurriak eta urratsak ematea ezinbestekoa da, duintasuna ez delako zure bikote heteronormatiboarekin etxebizitza ordaindu ahal izateko zortzi orduz lan egitea. Duintasuna lortzeko, Euskal Herriko burujabetzak sozialismotik eta sozialismorako ekitea badelako. Unean uneko neurriak borrokatuz zein gizarteko eremu guztietan, eraldaketa kulturala gauzatuz.
Gazteok egiten dugun lanaz harro gaude, lehen lerroan egoten jarraitu behar dugu maiatzaren lehenean. Ernaitik mobilizatzera dei egi egiten dugu: 11.00etan Iruñeko Trinitarios plazatik atera den gazte blokean, ostean mobilizazio orokorrera batuko gara eta. Har dezagun beraz Euskal Herriko gazteria bizitza duinen aldeko lehen lerroa!
Gora langileon borroka!
Bizitza duinak gazteontzat!