Euskal Herriko hainbat eragile sozial, sindikal eta politikorekin batera agerraldia egin dugu, azken aldian mugimendu sozialen aurka darabilten neurrigabekeria salatzeko.

 

Euskal Herriko eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoak. 


2024ko apirilean Ernai gazte antolakundea osatzen duten 133 kide protesta ekimen bat burutzeagatik isunduak izan ziren. Isunak 2.500 eta 1.500 euro bitartekoak dira, eta osotara, 290.500 euroko kostu ekonomikoa suposatzen dute. Eraso horrek Ernai egoera oso larri batean kokatu du; izan ere, operazio horrek, Ernai ekonomiko itoaraziz politikoki ezeztatzeko helburuari erantzuten dio. 

Hori horrela, manifestu hau sinatzen dugunok antolakundearekiko gure elkartasuna adierazi eta prozesu judiziala abiarazteko erabakiarekiko gure atxikimendua adierazi nahi dugu. 

Era berean, egoera hau Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragilek, sindikatuk, eta oro har mugimendu sozialek bizi dugun egoera problematizatzeko eta salatzeko baliatu nahi dugu. Izan ere, Ernairen aurkako auzi hau ez da egoera isolatu bat, Euskal Herrian mugimendu sozialen aurka abian dagoen jazarpen estrategia oso baten baitan kokatu behar dugu. 

Euskal Herrian ezkutatu eta normalizatu nahi duten arazo larri bat bizi dugu. Egun, bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko lanean dihardugun hainbat antolakunde zein kolektiboren aurka modu anitzetan garatzen den jazarpen estrategia bat existitzen da. Testuinguru horretan, azken urteetan, geroz eta ohikoagoak bihurtu dira Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak protesta sozialen aurka egindako erasoak. Manifestu hau sinatzen dugun askok eta askok, gure jardun politikoa aurrera eramate hutsagatik modu desberdinetan jazarpena jaso dugu. Hori horrela, Euskal Herriko hainbat mugimendu sozialek ezin dugu gure jardun politikoa erabateko normaltasunez aurrera eraman, eta horrek gure eskubide zibil eta politikoekiko eraso zuzena suposatzen duela salatu nahi dugu. 

Era berean, erantzule nagusitzat Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila dugula adierazi nahi dugu. Izan ere, Segurtasun Sailak aspalditik eskema berdintsu bat baliatu du mugimendu sozialen protesten aurka egiteko; mugimendu sozialak eta horien aldarrikapenak kriminalizatu, protesta sozialak jazarri eta azken bitarteko gisa mugimendu sozialetako militanteak isundu edota atxilotu. Sistematikoa bilakatu den praktika erabat larria dela deritzogu eta horri aterabide bat eskaintzea ezinbestekotzat jotzen dugu. 

Gure ustez, praktika horren gaineko eztabaida zabaltzeko tenorean gaude, eta manifestu honek horretarako bitarteko izan nahi du. Izan ere, bi dira mugimendu sozialetatik mahaigaineratzen diren proposamenei, aldarrikapenei eta eztabaidei heltzeko moduak. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duen bezala hauei entzungor egin eta hauek jazarri. Bestetik, eztabaidari helduz, honen garapenerako bermeak ezarriz eta herritar ororen adierazpen askatasuna errespetatuz. Gu modu irmoan bigarren horren alde lerratzen gara. 

Horregatik, erantzukizuna Eusko Jaurlaritzarengan kokatzen dugu, jazarpen estrategia sistematikoarekin amaitzeko exijitzen diogu eta herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatzeko galdegiten diogu. 

Beraz, manifestu hau sinatzen dugunok, bakoitzak bere eragin esparrutik, adierazpen askatasunaren alde eta jazarpenaren aurka lanean jarraituko dugu; era berean, euskal jendartearen osotasunari konpromiso honi atxikitzeko gonbita luzatu nahi diogu.