Gero eta gazte gehiago independentziaren alde kokatu eta prozesu independentista eraldatzailea azkartzeko konpromiso irmoa dugu. Independentzia eskuratu, burujabetza prozesuan aurrera egin eta gazterik zapalduta biziko ez den Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortzera goaz.
Erresistentzia hutsa ez zen aukera bat. Gehiago nahi genuen. Euskal Herri aske, sozialista eta feminista erdiestea, guk geuk eraikitzea. Ernai Gazte Antolakundea sortu zuten ehundaka gazteren grina zen hura. Kolorea, bizitasuna, ilusioa eta berritasuna mahaigaineratu zituen Lizarrako frontoian belaunaldi hark, gaur 10 urte. Militatzeko, kaleak hartzeko eta borrokatzeko modu berriak zekartzan.
Independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Gaur egun erraz esaten dugun hau, berritasuna izan zen 2013an, feminismoa helburu estrategiko gisa kokatu baitzuen Ernaik. Feminismoarekin gure burua zalantzan jarri dugu, eraldaketa zer den ikasten ari gara. Praktikara eramaten. Talka egiten. Aurrera jarraitzen dugu. Jendarte askea eraikitzeko ezinbesteko pausoa izan da eta jendartea astintzen jarraituko dugu.
Ezker Abertzaleari erreparatzen badiogu, apaltasunez baina harro diogu: gure mugimenduan feminismoak lekua egin dezan determinanteak izan gara. Gainera, balio bikoitza duen ekarpena izan da, askapen mugimendua feminismoaz busti eta gure proiektua eta praktika aberasteaz gain, proiektu politiko bat berritzea zer den ikasi dugulako, teorian zein praktikan.
Hamarkadetako borrokaren eroaleak baino gehiago izan gara. Milaka gazterentzat askapen mugimenduan lehen pausoak emateko eskola izateaz gain, independentzia eta sozialismoa borroka askatzaile berriekin txirikordatzeko jaio zen Ernai. Urte hauetako irakaspenek gure etorkizuneko ibilbidean ere lagunduko gaituzte. Askapen mugimendua eraberritzen jarraitu eta duen gaitasun askatzaile osoa eskuratzeko konpromiso irmoa berresten dugu.
Ernai sortu zenean zabaltzen ari zen ziklo politikoak askapen mugimenduaren hedapena zuen apustu. Ernai ziklo politiko berri horren irekieran jaio, hazi eta hezi den antolakundea da. Prozesu horretan eragin dugu eta, era berean, hurrengo hamarkadetarako prestatu gara milaka gazte zein egun Ernai osatzen dugun militanteak.
Kapitalismo zisheteropatriarkalak eragiten dituen zapalkuntzei aurre egiteko proiektua, antolakundea, estrategia eta militantzia eredua garatzeari deritzogu prestatzea. Kapitalismo zisheteropatriarkalak modu berezituan kolpatu baitu gure belaunaldia, bizi espektatiben erortzea baita ezarri zaiguna. 2008an hasi eta 2020ko krisian azeleratuta. Krisi horiek sortutako errealitateei eta gazteongan eragindako prekarietate eta bizi espektatiben erortzeari erantzutea izan da Ernairen jardunaren muina. Norabide horretan jardun dugu ahots propioz zein bestelako borroka askatzaileetan: historikoa izan den borroka feministan, erabakitze eskubidearen eta burujabetzaren aldeko borrokan, autoritarismoaren aurkakoan, bizi baldintza duinen aldekoan edota preso eta iheslarien etxeratzean tiraka. Horietan eta, batez ere, gazte mugimenduetako hamaika proiektu eta borroketan.
Berretsi dugu ezin garela norbere zilborrari begira bizi. Herri oso bat eta belaunaldi oso bat burujabe izanda soilik eraman baitaiteke prozesu askatzaile bat aurrera. Borroken arteko konfluentzia, txinaurri lana eta gazteria zapaldua antolatzeko anbizioa ditugu, bizi baldintza duinak lortu eta bizi eredu askatzaileak garatuko dituen gazte frontea osatuta.
Espainiar eta frantziar estatuek aipatutako krisi horiek betikotzea besterik ez dute proposatzen. Baina hori bera aukera bilakatzera goaz. Gazteriaren artean sistemarekiko eta miseria eskaintzen diguten estatuekiko atxikimendua gero eta baxuagoa da. Guk, horren aurrean, zapalkuntzarik gabeko jendartea garatzeko Euskal Herriaren alde egingo dugu lan.
Euskal Herria zapalkuntzarik gabeko jendartea erdiesteko abiapuntua baita, iraultzarako territorioa. Independentzia, berriz, eguneroko antolakuntza eta borroka oinarri duen estrategiaren ortzi-muga eta beharrezkoa duen salto kualitatiboa. Gero eta gazte gehiago independentziaren alde kokatu eta prozesu independentista eraldatzailea azkartzeko konpromiso irmoa dugu. Independentzia eskuratu, burujabetza prozesuan aurrera egin eta gazterik zapalduta biziko ez den Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortzera goaz.
Hamaika ditu egitekoak
Hamar bete dituenak.