Duela aste batzuk hasi zen ikasturtea Hego Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleontzat, eta dagoeneko, ikasleok unibertsitate eredu honen alde gordinena pairatzen ari gara.
Duela aste batzuk hasi zen ikasturtea Hego Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleontzat, eta dagoeneko, ikasleok unibertsitate eredu honen alde gordinena pairatzen ari gara. Egunez egun ikusten dugu gure bizitzak gero eta prekarioagoak bihurtzen ari direla, ikas baldintza duinak ukatzen zaizkigula. Izan ere, Espainiar estatuak inposatutako eta sistema kapitalista zisheteropatriarkala erreproduzitzeko balio duen unibertsitate eredu honek bide desberdinetatik zapaltzen gaitu:
1. UNIBERTSITATE TASAK MERKETU
Tasen prezioak ez dira onargarriak gazte askorentzat, eta ikasketa eskubidea ez da bermatzen. Bestalde, onartu ahal dituztenek bestelako behar batzuei uko egin behar izaten diete tasak ordaindu ahal izateko. Gainera, ezin dugu aipatu gabe utzi tasen kopurua nabarmen igotzen dela gainditu gabeko ikasgaietan. Amaitzeko, bekak ez dira inondik inora tasei eta bestelako gastu ekonomikoei aurre egiteko bermea.
2. MATRIKULAZ GAINDIKO KOSTUAK MURRIZTU
Matrikulaz gaindiko gastuen baitan etxebizitza, garraioa, ikasmateriala, akademia-gastuak eta bestelako ordainketei aurre egin behar izaten diogu. Alokairuaren prezioak izugarri altu daude eta diru laguntzak minimoak dira. Garraioari dagokionez, eskaintza murritza da, are gehiago garraio publikoan, eta prezioari erreparatuz, altuegiak dira ikasleontzat. Guzti hau gutxi balitz, bestelako ikas materiala erostera behartzen gaituzte: ordenagailuak, koadernoak, liburuak, apunteak…
3. LEGE ETA ERREFORMA ZAPALTZAILEEI EZ
Sistemak badaki berau erreproduzitzeko ezinbesteko tresna dela unibertsitatea, eta horrenbestez, lege eta erreformak erabiltzen ditu ikasleria sisteman integratzeko eta enpresen interes pribatuak asetzeko. Gainera, hauek ez dira Euskal Herriaren behar eta ezaugarrietara egokitutako legeak, eta Espainiar estatuak gure herriaren gaineko zapalkuntza areagotzeko baliatzen ditu. Bestetik, lege hauek arautzen dituzten unibertsitateetako antolaketa ereduetan ikasleok ez dugu parte-hartze errealik , eta gure egunerokoa baldintzatzen duten erabakiak gure beharrak kontuan hartu gabe hartzen dira. Amaitzeko, errepresio eta kontrol mekanismoak ezartzen dituzte legeok, azken Elkarbizitza Legea dugu honen adibide nagusi.
Ikasturte honetan onartu nahi den LOSU espainiako unibertsitate legea ere, unibertsitate neoliberalaren erreprodukziorako tresna da.
4. IKASKETA PROZESU DUINA BERMATU
Indibidualismoan eta lehiakortasunean hezten gaituzte, ikasle akritikoak izatera bultzatuz. Balio feministak baztertu eta sistema zisheteropatriarkala sostengatzen du hezkuntza eredu honek. Euskarari dagokionez, euskaraz ikasteko dugun eskubidea bermatzeko ez dira baliabideak eskaintzen. Bestalde, krisi ekosozialari heltzeko beharrezkoak ditugun ezagutzak ez dira zabaltzen. Amaitzeko, azterketetan oinarritzen den metodologia memoristiko honek izugarrizko karga psikologikoa suposatzen digu ikasleoi, are gehiago ratioek ez dutenean ikasketa prozesu duin bat bermatzen.
Unibertsitate eredua pribatizatzen, merkantilizatzen eta elitizatzen ari dira ikasleon eskubideak murriztuz eta ikas baldintzak okertuz. Honen aurrean, badakigu borrokatuz soilik lor dezakegula merezi dugun unibertsitatea. Zapaltzen gaituen eredu hau irauli eta zapalkuntzarik gabeko unibertsitate batera bidean, ikas baldintza duinak borrokatzera goaz, merezi dugun unibertsitatea borrokatzera goaz.