Gazteok izango gara protagonistak, historia kontatu eta egingo dugunak. Martxoaren 29, 30 eta 31an loratuko da udaberria Lezon. 

 

Herri hau martxan da, hilabeteak daramazkigu Euskal Herriko kaleak hartzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko, bizitza eta duintasunaren defentsan, herrien defentsan. Hamaika izan dira egondako mobilizazio eta herri ekimen ezberdinak eta gazteok buru-belarri ibili gara horietan guztietan lanean.

Orain lehen lerroa hartzera gatoz. Gazte Udaberria dator. Eta ez edonola. Gazteon egoera berriz ere mahai-gaineratzeko, baina ez soilik hori, aurre egiteko proposamen konkretuak eta alternatibak loratuko dira hurrengo hilabeteetan. Horretarako mugarri izango dugu, hemen Lezon, antolatu dugun Gazteon Eskutik! ekimena, aurten “loratuko da udaberria” lelopean Martxoaren 29tik 31ra ospatuko dena.

Argi daukagulako garai ilun eta nahasi hauetan bestelako eredu, ideia eta borrokek duten gaitasun eraldatzailea. Argi daukagulako gazteon eskutik etorriko direla hauek. Eta Argi dugulako ere, gazteon bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaldu zein egoerari alternatibak loratzeko borroka ziklo oso bat irekitzeko anbizioa eta indarra dugula.

Euskal herrian bizi nahi dugun gazteak gara, eta gazte independentistok asko daukagu esateko. Lokatzetan sartuko gara, eztabaidatuko dugu, lan egingo dugu, zikinduko gara eta denon artean gure neurrira egongo den herria errealitate bihurtuko dugu Lezon.

Horrela ulertzen dugu aurtengo udaberriko ekimena. Gazteon izango gara protagonistak, historia kontatu eta egingo dugunak. Horretarako egitarau zabala dugu antolatua: Gatazka eta eraikuntza feministak; bizitza duinen aldeko udaberria; Palestina; Gazte eszena musikala zein pornoa, desira eta morala izango ditugu mintzagai.

Gazteon eskutik ere herri bat dantzan jarriko dugu, eta horretarako belaunaldi berri bati eskainiko diogu oholtza, bertan egongo dira: Hofe x 4:40, Belako, Ganibet, Mafalda, Eire, Azken Sustraiak, Ithaka, Zilibito Rekords, Amooma, Xiberoots... beste batzuen artean.

Era berean, egunez ere gozatzeko eskaintza eta espazio ezberdinak izango ditugu: Drag Show-a, Gazte Bazkaria, bertso-saioa, Porrotx, gazte sortzaileen azoka... Sarrerak jada eskuragarri daude Bibe.eus-en eta hurrengo egunetan salmenta puntu fisiko ezberdinetan ere, sare sozialetan hori guztiaren berri emango dugu. Ez galdu honen parte izateko aukera, elkarrekin hausnartu, ikasi eta dantzatzeko horrelako aukerarik ez baitago. Etorri, parte hartu, elkarbanatu txandak egin, gozatu, hunkitu... Martxoan gazteon eskutik loratuko da udaberria!