Bi urte igaro dira pandemiaren osteko agertokian Korrikaren hogeita bigarren edizioak Euskal Herri osoa kaleetara euskararen alde atera zuenetik. Bi urte, herri honen gaitasuna eta potentzial osoa Korrikaren baitan askatu genuenetik.
Orain, gaur hasiko den Korrikaren edizio berriak hori jarri nahi izan du erdigunean, herri harrotasuna hain zuzen ere.
Herri honetaz, Euskal Herrian metatzen ari garen indarraz harro egoteko arrazoiak soberan baitugu. Izan ere, Korrika oso une garrantzitsu batean kokatzen da. Udazken mobilizatzaile eta emankor baten ostean eta Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzen ari den unean. Horregatik, argi ikus daiteke herri hau martxan dagoela, herri honetan badagoela gehiengo bat zeinak maila globalean zein Euskal Herrian bizi dugun krisi egoera gainditu nahi duen eta, batez ere, hori gainditzera bidean, posizio askatzaileetan lerratzen den.
Era berean, artikulatzen ari den gehiengoa ez du soilik balore askatzaileetan lerratuta egoteak ezaugarritzen. Alegia, gehiengo horrek nazio perspektibatik begiratzen dio bizi dugun egoerari eta eraldaketa soziala Euskal Herritik gauzatzeko posizioa du. Hots, gehiengo abertzale eta ezkertiar bat artikulatzen ari den une bat bizi dugu, zeinak gizartearen maila guztietan geroz eta ordezkaritza handiagoa garatzen ari duen.
Haatik, sortzen ari den gehiengo sozial honen eraldaketarako potentzialitateak zenbait erreakzio sortzen ari ditu. Elite ekonomikoek zein estatu zapaltzaileek euren interes ekonomiko zein nazionalei eusteko, Euskal Herrirako proiektu nazional baten existentzia zapuztea ezinbestekoa dute. Horretarako, herri gisa ezaugarritzen gaituzten elementuak, sinbolo, balore zein ideiak desagerrarazi beharra dituzte. Hor kokatu ditzakegu azken asteetan Atarrabiako frontoian kokatuta zegoen Euskal Herriko armarria ezabatzea agindu duen epaia zein oro har, euskararen erabilera, eta normalizazioa oztopatu eta ezbaian kokatzen duten ebazpen judizial desberdinak. Hori ez baita ausaz ematen den afera bat, nazio ardatzaren baitan artikulatzen den proiektu eraldatzaile baten indartze eta hazkunde prozesuaren baitan ematen da, jakin badakitelako proiektu horren elementu zentraletako bat hizkuntza dela.
Horregatik, inoiz baino premia handiagoa du errepideak hartzea eta euskara kaleetara eramatea. Izan ere, horrek balore bikoitza du. Alde batetik, eraldaketa sozialaren zein burujabetzaren alde zabaltzen ari den borroka zikloak Korrika bezalako ekimenak ere behar dituelako. Alegia, Euskal Herriaren irudikapena eta euskal herritarron harrotasuna, herri gisako egitasmoetan itzuli behar dugu.
Bestetik, euskararen aurka ematen ari den oldarraldiaren baitan, euskararen aldeko borrokatik ofentsiban kokatu behar gara. Euskara marjinala bilakatu nahi duen estrategia horri euskaraz eta euskara are gehiago zabaltzen erantzun behar diogu. Era berean, eraso horien guztien aurrean euskaldunon eskubide linguistikoak bermatuak izan daitezen egitura berriak behar ditugu, euskaraz bizitzeko erabateko askatasuna izateko gure herriaren gaineko erabakimen osoa eskuratu beharra dugu. Hots, euskarak Euskal Errepublika ezinbestekoa du.
Beraz, hurrengo hamar egunetan euskararen lekukoari heltzeko deia egiten dugu. Bide horretan, herriz herri antolatu diren gazte kilometroetan parte hartzera dei egin nahi dugu. Euskara desagerrarazi nahi duten horiei milaka gazte errepideetan euskararen alde mobilizatuta erantzun diezaiegun. Hartu dezagun ere lekuko hura bertan topatuko baitugu eraldaketa sozialerako zein burujabetzarako ezinbesteko aldagaiak.
Martxoaren 14tik 24ra gazteon eskutik Euskararen herrira!