Hispanitatearen eguna da gaurkoa, gure herria zapaldu eta asimilatzen saiatzen direnentzat ospakizun eguna. Gazte independentistontzat, aldiz, borroka eta intsumisio eguna.

Izan ere, indarrez espainolak izan behar garela inposatu nahi diguten horiei, hautu independentistan berresten garela inoiz baino ozenago oihukatzeko baliatzen dugu gaurko eguna. Guk inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraiki nahi dugula aldarrikatzeko baliatzen dugu. Haiek berriz, gu makurrarazteko edozer egiteko prest daudela argi uzteko. Guk, etorkizuna garela ikusarazten dugu. Haiek, berriz, iragana.

Etorkizuna gara, izan ere, geroz eta gehiago gara Euskal Herri aske baten aldeko hautua egiten dugun gazteak. Geroz eta gehiago gara independentziaren alde lerratu eta horren alde lan egiten dugunak. Argi baitugu, etorkizunik badago hori independentziatik pasatzen dela. Gure buruen eta herriaren jabe izatetik pasatzen dela alegia.

Haiek iragana dira. Agortuta baitago espainiar estatuaren proiektua. 78ko erregimena krisi sakon batean murgilduta dago, horren adierazlerik nabermenena nazio auziarena da. Espainar estatuko gobernu osaketarako eztabaidan, besteak beste, hori argi eta garbi ikus dezakegu. Nazio auzia izaten ari da eztabaidaren erdigunea hartzen ari duen elementua. Guri dagokigu norabide horretan bultzatzen jarraitzea eta prozesu politikoan aurrera urratsak ematea. Izan ere, prozesu independentista 78ko erregimena inpugnatu eta estatua arrakalatzeko potentzialitate handiena duen estrategia da

Horrek, besteak beste, Euskal Herrian borroka desberdinak abiarazteko abagune bat suposatzen digu. Euskal Herria eraldaketarako markoa da, horren adibiderik argienak hurrengo hilabeteetako erronkak direlarik. Adibidez, Greba Feminista Orokorra Euskal Herrian kokatzea ez da kasulitatea, Mugimendu Feministak urteetan zehar sortutako baldintza sozial eta politikoen emaitza baizik. Euskal Herrian, datozen hilabeteetan zaintzaren auziak ardaztuko duen borroka ziklo berri bat abiarazten ahalbidetuko duena. Bestetik, euskalgintzatik azaroaren 4an antolatutako mobilizazio nazionala, mugimendu ekologistaren urratsak edota sindikalgintzatik lortutako aurrera pausuak horren adierazle ere badira. Horiek guztiak Euskal Herrian ematen dira eta hori herri honetan urteetan zehar zimendatutako kontzientzia sozial eta politikoaren ondorio dira. Euskal Herria martxan dago, erronka global zein propioei aurre egiteko gaitasuna irabazten eta ertz desberdinetatik herri hau eraikitzen.

Herri hau hainbat ertzetatik ari da aurrera egiten. Horiek guztiek herri honen eraikuntzan eta euskal herritar ororen bizitzak hobetzeko potentzialitate osoa dutelarik. Haatik, herri honetan ezin izango dugu zapalkuntza oro gainditu independentziaren gauzapenik gabe. Alegia, independentzia inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria erdiesteko ezinbesteko faktorea da. Horregatik, hurrengo urteetan herri pultsoaren indartzea ematea dagokigu eta hori erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazio eskubidearen norabidean jartzea. Herri hau kaleetatik, lantegietatik, ikastetetxeetaik, instituzioetatik eta beste hamaika espazioetan aktibatu eta norabide amankomun batean jartzetik pasatzen da.

Horretan guztian gazteok baditugu gure egiteko propioak. Alde batetik, geroz eta gazte gehiago gara hautu independentista esplizituaren alde lerratu behar garenak. Egun estatuekiko jarreran nagusitzen den desafekzio ez antolatua gainditu eta gehiengo independentistak hedatu behar ditugu. Bestetik, Euskal Herrian zabaltzen ari den borroka ziklo berriaren motore izatea dagokigu. Baina baita ere, belaunaldi gisako erronkei belaunaldi posizio batetik erantzunez. Hau da, gero eta gazte gehiago bizitza duinak lortzeko espektatibarik gabe geratzen ari garen honetan, independentziaren bidez kapitalismo zisheteropatriarkala iraultzeko borrokan antolatzea.

Etorkizunaren alde apurtu dezagun iraganarekin. Bultzatu dezagun hamaika ertz desberdinetatik herri honen eraikuntza.  Euskal Herria askea irabazi arte!

GAZTEOK INDEPENDENTZIA!