Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko, duela berrogeita lau urte herri honek egin zuen bezala, gazteok ez dugu Espainiar konstituzioa onartzen.
Gaurko egunez duela berrogeita lau urte, Espainiar konstituzioa Madrilgo gorteetan onartua izan zen. Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko, duela berrogeita lau urte herri honek egin zuen bezala, gazteok ez dugu Espainiar konstituzioa onartzen. Guretzat borroka eguna eta Espainar estatu atzerakoia erausteko eguna da gaurkoa, zentzu guztietan.
Duela lau hamarkada burututako erreferendumean, Euskal Herrian abstentzioa nagusitu zen. Herri honek konstituzioak suposatzen zuen iruzurra ulertu zuen. Gai izan zen diktadura faxistaren zuritze operazioa antzemateko eta horri planto egiteko.
“Atado y bien atado” dio diktadorearen esaldia famatuak, konstituzioaren sintesi ezin hobea, alegia. Diktadurak errepresioa, ukazioa eta zapalkuntza betikotu eta normalizatu zituen Euskal Herrian. Hau ez zen kasualitatez gertatu, frankismoak ondo baitzekien, kultura, hizkuntza eta borondate politiko propioa duen herri borrokalari bat zegoela. Eta bere esku izan zituen tresna guztiak erabili zituen horiek ezabatzeko.
Jakina, diktadura faxistak ez zuen bere helburua lortu, eta milaka euskal herritarren lan eta konpromezuari esker, herriak biziraun zuen. Gaur milaka euskal herritarron lanari esker nazio auziak espainiar estatuaren katebegi ahulena izaten jarraitzen du. “Patria común e indivisible de todos los españoles” dio konstituzioak. Espainiar estatuak inoiz ez du izan nazio auziari irtenbide demokratiko eta adostu bat emateko aspiraziorik, ezta asmorik ere. Berrogeita lau urteetan zehar, errepresioa besterik ez dugu ezagutu, espainiaren batasuna zalantzan jarri izan dugun estaturik gabeko nazioek.
Espainiar proiektua aspaldi agortu zen, beti ustelduta egon da, eta asko dira horren adibide: ustelkeria, errepresioa, herritarron eskubideen murrizketa, kapitalaren mesedetara dauden gobernuak… Eta prozesu independentista eraldatzailean sakontzen ez dugun bitartean, geroz eta herritar gehiagok, geroz eta gazte gehiagok hautu independentista egiten ez dugun bitartean, Euskal Herria zein euskal herritarron erabakitzeko eskubidea ukatua izaten jarraituko du.
Une historiko honetan, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu erabakitzeko eskubidea izatea, burujabetza kuotak eskuratzea, bestelako alternatibak planteatu ahal izatea. Sistema neoliberal zisheteropatrialkalak ezartzen duen antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoak, mundua zibilizazio krisian murgiltzera eraman du. Espainiar estatuak, sistema neoliberalaren ordezkaria den heinean honen gaineko erantzukizunaren zati bat du. Honen aurrean, munduaren biziraupena, erroko alternatiba baten eraikuntzak soilik bermatu dezake. Logika kapitalista hautsi eta alternatibak eraiki, herritar guztion bizitza duinak bermatu arte. Bide horretan, ezinbesteko urrats bezala kokatzen da, Euskal Herri aske baten eraikuntza. Izan ere, estatu propio batek soilik eskaintzen digu erabaki propioak hartzeko aukera, mundua amildegirantz daraman sistema neoliberalarekin apurtu eta proiektu politiko integral bat garatzeko aukera.
Beraz, gaur ez dugu ezer ospatzeko eta dena dugu borrokatzeko, bestelako mundu bat dugu borrokatzeko, erroko alternatiba bat, gazteon bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herri aske, sozialista eta feminista!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gazteok independentzia!