Urriaren 12a Hispanitatearen eguna. Espainiar estatuko egun nazionala, ospakizun eguna batzuentzat, zapalkuntza, konkista, inposizioa eta genozidioarena beste askorentzat.

Urriaren 12a Hispanitatearen eguna. Espainiar estatuko egun nazionala, ospakizun eguna batzuentzat, zapalkuntza, konkista, inposizioa eta genozidioarena beste askorentzat. Gaur, 530 urte betetzen dira Gaztela eta Aragoiko koroen izenean Kristobal Kolonek gidatutako espedizio kolonialista Amerikan lehorreratu zenetik. 530 urte mendeetan zehar luzatuko zen Amerikar herrien genozidioari hasiera eman ziotenetik.

Inposizioan, beldurrean eta zapalkuntzan oinarritu da Espainiar erresuma zati ezinaren proiektua mendeetan zehar. Eta ideia berdinen baitan oinarritzen jarraitzen da. “Bat eta bakarra” ideiaren defentsan, gure eskubide sozial eta politikoak ukatuak direnean, zapalkuntzak bere horretan dirauela ikus dezakegu.

Gaurko egunak, espainiar estatuko balio atzerakoienak babesten dituzten hoiek guztiak batzen dituen bezala, balio guzti horien aurka gaudenak borrokan batzeko eguna da. Baita espainiar erresumak gure herriak okupatu zituen guztiak borrokan batzekoa ere. Euskal Herritik, Galizara eta Txiletik, Herrialde Katalanetara, gure etorkizunaren jabe izan nahi dugun guztiok lubaki honetan egiten dugu bat.

Borroka eguna da, asko baitugu borrokatzeko. Gurea eta espainiar estatuarena munduaren bi ulerkera antagoniko direlako. Mendeetan zehar espainiak inposatutako errelato kolonial, faxista eta erreakzionarioari, ikuspegi dekolonial eta antifaxista batetik egingo diogu aurre. Gure eta munduko herri desberdinetako herrien sufrimenduaz idatzitako historia, ez delako gurea, eta guri dagokigu gure historia propioaren kontakizuna egin eta belaunaldiz belaunaldi trasmititzea.

Espainar proiektuak goia jo zuen aspaldi, egunez egun geroz eta herritar gutxiago dira espainiar estatuarekiko atxikimendua dutenak. Egoera hau are nabariagoa da gazteon artean, urteetako politika errepresiboen ondorioz eta Espainia hamarkadaz hamarkada garatzen joan izan den izaerarengatik, gaur egun, urriak dira Espainia begi onez ikusten duten Euskal Herriko gazteak. Gainera, azkenengo urteetan Euskal gizartea astindu duten gertakari desberdinek desatxikimendu hori are nabariagoa egin dute; hala nola, Altsasuko gazteen aurkako muntaia edota Kataluniako processaren aurka Espainiak izandako erreakzio errepresiboa.

Gainera, testuinguruari erreparatuz inoiz baino nabarmenagoa da burujabetzaren beharra. AEB eta OTANen mesedetan, soberania guztiz galduta, abiadura bizian amildegirantz doaz Europa eta hura osatzen duten estatuak, ondorio lazgarriak izan ditzakeen interes geopolitikoetan oinarritutako eskalada beliko baten erdian gaude; bizitza egunez egun geroz eta garestiagoa da, hau sektore zaurgarrien artean are nabarmenagoa delari; eskuin muturraren gorakada bizitzen ari gara, honek Espainiar estatuan datozen udazkeneko hauteskundeetan ondorio larriak izan ditzakelarik.

Historiaren bidegurutze batean aurkitzen gara eta orain hartzen diren erabakiek datozen hamarkadetan zehar gure bizitzak baldintzatuko dituzte. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna izatea, burujabetza kuotak irabaztea alegia. Horregatik, momentu nahasi eta ezegonkor honetan, etorkizunari itxaropentsu begiratzea dagokigu, sistema neoliberal zisheteropatrialkala eta hau ordezkatzen duen Espainiar estatuaren proiektua agortuta daude.

Beraz, Euskal Herriaren biziraupenerako dugun aukera bakarra independentzia da. Gurea herria antifaxista, internazionalista, justizia sozialean sinisten duena eta sen komunitario handi batekoa baita. Horregatik, orain, gazteoi prozesu independentista bultzatzea dagokigu, etorkizun eza eta apatiaren aurrean, ortzi-muga sendo baten alde borrokatzea. Historiaren bidegurutze honetan, proiektu politiko sendo batek soilik bermatuko dituelako herritarron interesak. Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoaren proiektuak, alegia.

GAZTEOK INDEPENDENTZIA!