Antolakundearen jarduna sostengatzeko egin transferentzia bat "dohaitza" kontzeptuarekin ES 14 3035 0108 01 1080050918 (LABORAL KUTXA) kontu korrontera.
2023ko irailaren 22an Aitor eta Galder gazteen espetxeratzeak salatzeko bi ekimen burutu genituen, Bilbon eta Gasteizen. Horietan, 133 kide identifikatu zituzten. Orain, zortzi hilabete geroago, identifikatutako kide guztiei isunak jarri dizkiete, mozal legea aplikatuta. Isun horiek 1.500 eta 2.500 eurokoak dira; guztira, 290.500 euroko zigorra.
Mozal legea modu neurrigabean aplikatu zaigu. Izan ere, urteetan, mozal legea-ren modu sistematikoan erabili dute borroka sozial eta protesta demokratikoen kontra. Hainbat mugimendu sozialek jaso dituzte 600 euroko isunak euren jardun politikoa aurrera eramateagatik. Hori herri mugimendua itotzeko asmo argi batekin aurrera eramandako praktika izan da. Gure kasuan, estrategia horretan beste urrats bat egin dute, 133 kideri isuna jarriz, eta isunen kostua handituz. Horregatik, argi diogu: erabat partziala eta desproportzionatua den operazio baten jo-puntuan topatzen gara; alegia, Ernairen aurkako eraso argi bat da.
Ernaik, antolakunde zein kolektibo gisa, jasandako erasorik larriena da. Antolakundearen jardun politikoa hipotekatzea eta gure proiektuarekin aurrera ezin egitea du helburu. Argi eta garbi esan dezakegu horren atzean erabaki politiko bat dagoela. Izan ere, Segurtasun Sailak zein sailburuak hartutako erabakia da, haiek baitira isunak tramitatu eta horien kostua zehaztu dutenak.
Horregatik guztiagatik, Segurtasun Sailaren partzialtasunagatik eta desproportzionaltasunagatik, eta gure lanean berresten garelako, administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegitea aurkeztea eta prozesu judiziala abiaraztea erabaki dugu.
Ez da erabaki erreza izan, prozesu judizial batek antolakundearen egunerokotasunean zama handia eragiten duelako; baina sinetsita gaude hori dela egoera bidegabe honen aurrean har dezakegun erabakirik egokiena: ez uzkurtzea eta aurrera-urrats bat egitea. Bide horretan, erabaki kolektiboa balioetsi nahi dugu. Isuna jasotako 133 gazteren borondateari esker egingo dugun prozesua da, eta kolektiboan ekingo diogu.
Hau ez da ausaz gertatu, urteetan Ernairen aurka izan duten obsesio etengabean beste urrats bat da. Izan ere, gure proiektua deserosoa zaie. Geroz eta gehiago gara, geroz eta gazte independentista gehiago, geroz eta gehiago batu eta aurrera egiten dugunok, eta guk zein gure proiektuak geroz eta babes zabalagoa du. Hori guztia ezkerreko independentismoak hegemonia politiko eta ideologikoa irabazten ari den unean dator, instituzioetan, masa mobilizazioan zein mugimendu sozialetan. Aldaketak eragiteko gaitasuna dugu, gazteon bizitzak hobetzeko eta herri honen etorkizuna marrazteko. Aurrera goaz, gehiago gara eta haiek beldur dira.
Horregatik baliatu dute mozal legea gure aurka, hori baita 2015etik hona mugimendu sozialak itotzeko darabilten mekanismo errepresibo nagusia. Era sistematikoan edozein protesta sozial eta demokratikoren aurka baliatzen duten tresna. Ikusi izan dugu mugimendu feministaren aurka, lan gatazken aurka, kolektibo arrazializatuen aurka eta beste hainbestetan. Finean, herri honetan indarrean eta martxan dagoen herri mugimendua apaltzeko beste saiakera baten aurrean gaude.
Izan ere, XXI. mendeko errepresio politikoaren aurpegi nagusia da errepresio ekonomikoa. Horrek ez baitu hainbesteko larritasunik sortzen, ez da hain ikusgarria, eta auziak indibidualizatzen ditu. Eta hori da, hain zuzen ere, auzi honek argi uzten duena. Hala ere, operazio honen bitartez praktika sistematiko horretan beste urrats bat egin dute, zeinak aurrekari oso arriskutsu bat dakarren gainerako herritar eta mugimendu sozialen aurka egiteko.
Egoera oso larria da, eskubide zibil eta politikoetan atzerapauso izugarria dakar, Segurtasun Sailaren jarrera antidemokratikoa argi uzten duena eta Ernai ezeztatzea helburu duena. Baina argi entzun dezatela: oker zabiltzate. Hemen gaude, asko gara eta lanean jarraituko dugu.
Auzi honek, gure lanean berresteko baino ez digu balio, eta are indar eta ilusio handiagoarekin aurrera jarraitzeko nahia biderkatzen digu. Konbentzituta gaudelako gazte borrokak, konpromisoa eta antolakuntza ezinbestekoak direla inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria irabazteko. Eta horretan jarraituko dugu. Izan ere, hemen bada aurrera egin nahi duen herri bat, eta gu, gazte independentistok izango gara horren motorra. Horregatik, elkarrekin batuz, bidean aurrera egingo dugu.
Hala ere, 290.500 euroko kolpe honek egoera larrian jartzen gaitu. Horrek dakarren gainkarga ekonomikoa antolakundearen jardun politikoarentzat oztopo izan daitekeenez, gaurdanik eta prozesu judizialak iraun bitartean, antolakundearen jarduna sostengatzeko kanpaina ekonomiko bat martxan jarriko dugu. Horren baitan, besteak beste, elkartasun zozketa zein crowfunding bat abiaraziko ditugu.
Operazio antidemokratiko oso larri batean aurrean gaude, Ernai politikoki ezeztatzeko helburuz, ekonomikoki itotzen duena. Horregatik, ezinbestekoa dugu herritar ororen ekarpena, eta horregatik, euskal gizartea bakoitzak ahal duen neurrian ekarpen ekonomikoa egin eta erasoari modu kolektiboan erantzutera deitzen dugu. Urteetan, hainbat izan dira gazte independentistok jaso ditugun erasoak, eta horiei beti elkartasunez aurre egin diegu. Oraingoan, berriz ere, elkartasuna piztu eta bat eginez, aurrera egitea dagokigu.
Amaitzeko, operazio honen bitartez Ernai desagerraraztea espero zuten horiei mezu argi bat bidali nahi diegu: hemen gaude, geroz eta gazte independentista gehiago gara, eta aurrera goaz. Auzi honen helburua gazteria independentista isiltzea dela argi antzematen da; burumakur eta apal nahi gaituzue, baina horren aurrean antolatzen jarraituko dugu, EH aske, sozialista eta feminista izan arte!
Bat eginez, independentziara!