Gaurko egunez duela 50 urte erregimen frankistak Juan Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi ETA-ko militanteak fusilatu zituen. 21 eta 33 urte zituzten urrenez urren, eta euren belaunaldiko beste hamaika gaztek egin gisan inongo zapalkuntzarik gabeko borrokara lotutako bi gazte izan ziren. Hain zuzen, horregatik erail zituzten, abertzale izanagatik, sozialista izanagatik eta bi ideal horiek, euskal nazio askapen mugimenduak ordezkatzen duen egitasmo askatzailean txirikordatu eta borrokara batu izanagatik.

Horregatik, oroitzen ditugu. Bai Txiki eta Otaegi, zein urte luzez askapen nazional zein soziala helburu, borrokatu eta borroka horretan galdu ditugun Euskal Herritar guztiak. Gurea hamarkadaz hamarkada eta belaunaldiz belaunaldi askatasunaren alde etengabeko borrokan aritu den herri bat da. Euskal Herriak bere izatea ukatua eta bere existentzia bera bermatu gabe duelako. Horrexegatik, urte luzez, borroka hautu bat baino ezinbesteko printzipio bat izan da herri hau osatzen dugun milaka eta milaka herritarrontzat.

Hain zuzen, 70ko hamarkadan Txiki eta Otaegi bezala milaka gazteek egindako borrokak, erregimen frankista ezpata eta hormaren artean kokatu zuen. Hein handi batean, gazte horien indar kolektiboak behartu zuen, trantsizioa delakoaren bitartez, erregimena bere burua birkokatzeko operazio gauzatzera. Alta, funtsean operazio kosmetiko bat baino izan ez zen horrek, ez zuen erregimenarekiko inolako apurketarik suposatu. Horrela, Euskal Herritarron erabakitzeko eskubidearen ukapenean eta Euskal Herriaren ukazioak bere horretan iraun zituen.

Horregatik, iruzur hori salatu eta hamarkadaz hamarkada Franco-k ongi lotua utzi zuen hori askatzeko borrokan aritu gara. Euskal Herritarrok hitza eta erabakia izan dezagun eta gure herriaren etorkizunaren guk geuk, kanpo esku-hartzerik gabe erabaki dezagun. Herri honek, jakin badaki, borroka hura gogorra suertatu dela maiz, borroka horretan herrikideak galdu ditugula, baina borroka beti da emankorra. Borrokarik gabe ez geundeke hemen, ez genuke borrokatu genezakeen Euskal Herririk.

Aitzitik, ez da aski soilik borroka egitearekin. Irabaztea da xedea. Borrokaz irabaztea, alegia. Ez baitago borrokan joan zaizkigun herrikide guztiei egin diezaiekegun omenaldirik hoberik. Euren ametsak egi bihurtzea, euren borroka azken muturreraino eramatea. Baina batez ere, garaipenak soilik bermatuko digulako gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzea. Alegia, egun inoiz baino gehiago, independentzia, sozialismoa eta feminismoa dira gehiago mundu hobe baten funtsezko osagaiak.

Horregatik, orain gurea da, egungo gazteona, borroka horren lekukoa hartu eta herri honetan astinaldi berri bat eragitearen ardura. Ez delako aukera bat etsipenean galtzea. Txiki bere azken gutunean orain guk bere borrokaren lekukoa hartzeko eta justizia egiteko galdegin zigun. Heldu diezaiogun beraz lekuko horri. Borrokatu gaitezen, urrats bat aurrera egin dezagun eta eraman dezagun herri hau askatasunera. Garaiak borroka eskatzen baitu eta Euskal Herriko gazteok prest gaude borroka horretan gure onena emateko.

Borrokan eroritakoengatik, Euskal Herriaren eta Euskal Herriko gazteon alde. Borrokara!

Gora Eusko Gudariak!

Gora Euskal Herria askatuta!