Feministok dena aldatzen ari gara eta paradigma kultural berri bat ireki dugu. Lehen feministatzat bere burua ez zuten askok, orain herriko asanblada feministak antolatutako ekimenetan parte hartzea lortu dugu.
Feministok dena aldatzen ari gara eta paradigma kultural berri bat ireki dugu. Orain dela bost urte lehenengo greba feministarekin etaaurretik ere, gure aldarrikapenekin hiri, herri eta auzoetako txoko guztiak bustiz. Lehen feministatzat bere burua ez zuten askok, orain herriko asanblada feministak antolatutako ekimenetan parte hartzea lortu dugu.
Zishetero patriarkatuak ezarritako mugen baitan harremantzeari uko egin diogu eta neska gazteok ahaldundu gara. Burububerokiei esanahia aldatu diegu eta greba orokorrak berrezaugarritu ditugu. Finean, feminismoarekiko atxikimendua hegemoniko bilakatu dugu gure herri eta auzoetan.
Feministok dena aldatzen ari gara, bai. Baina badago aldaketa hauek guztiak eten eta atzera itzultzea nahi duenik ere. Sistemak mugimendu feministak duen gaitasun iraultzaileaz jabetu eta neutralizatzeko saiakerak egin ditu. Aurpegia zuritzeko erabili izan du, esanahiaz husteko saiakera egin du eta ezer ere ez aldatzeko mekanismoak aktibatu ditu. Are gehiago, feminismoaren aurkako mezuak zabaltzen eta zuzenean erasotzen ere ikusi izan ditugu sektore oldarkorrenak.
Guzti horrek, feminismoak sistema inpugnatzeko daukan gaitasunean berresteko eta borrokan jarraitzeko arrazoiak ematen dizkigu. Inoiz baino sinetsiago gaude feminismoren erradikaltasunaz.
Bizi dugun krisi anizkoitza irakurtzeko gaitasun berezitua dauka, ertz anitzak kontenplatu eta horretarako proposamen integrala garatu du Mugimendu Feministak: denon bizitzak erdigunean jartzea. Horretarako, euskal herriko zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntzari ekin diogu.
Neska, trans eta bollerook ere, Euskal Herria feminista horren alde lanean gaude. Zisheteropatriarkatu kapitalista eta kolonialari aurre egiten diogu egunero, zirrikituak egin eta alternatibak eraikitzen gabiltza gau eta egun.
Dauzkagun helburuak lortzeko burujabetza, erabakitzeko gaitasuna eta boterea eskuratzea beharrezkoa dugu. Feminismoak burujabetza eta independentzia behar duen bezala, Euskal Herriak feminismoa behar baitu bere burua askatzeko.
Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da antolatuak egotea. Sistemak estutzen gaituen honetan, kale, txoko eta hezigune guztiak okupatzea dagokigu determinazio osoz. Bide horretatik, bat egiten dugu Mugimendu Feministak Euskal Herri luze zabalean antolaturiko mobilizazioekin eta dei egiten diogu euskal gazteriari hauetan parte hartzeko.
Euskal herri feminista lortu arte!
Gora borroka feminista