Hispanitatearen eguna da gaurkoa. Proiektu erreakzionario eta zapaltzailearen ordezkatzaileentzat ospakizun eguna. Gazte independentistontzat aldiz borroka eta intsumiso eguna.
Aurten, egun honen baitan talka egiten duten bi posizio horiek inoiz baino agerikoagoak dira. Izan ere, berriz ere genozidioaren eta prozesu kolonialistaren zein Euskal Herrian samina besterik eragin ez duten indar armatuen gorazarrea egiteko ospakizunak antolatuko dituzte. Tartean, aurten lehenengoz Gasteizen Guardia Zibilari omenaldia antolatu dute. Horren bitartez, kontakizun faltsutu bat zabaldu eta estatu aparatuen biktimen, torturatuko herritarren eta oro har euskal gizartearen baitan eragindako sufrimenduan beste urrats bat egingo dute.
Haatik, gaurkoa inoiz baino gehiago borroka eguna da gazte independentistontzat. Borroka eguna alde batetik, gazte independentistok Euskal Herriaren askapen prozesuaren alde zabaltzen ari dugun borroka ziklo berriarekin batera aurkitzen delako. Alegia, honen baitako beste urrats bat gisa ulertzen dugulako gaurko eguna. Eta baita ere, gaur Nafarroako ehunka gazte independentistok Tafallan elkartu eta oldarraldi faxistaren aurrean Euskal Herria antifaxistaren eraikuntza borrokaren lehenengo lerrora ekarriko dugulako.
Izan ere, inoiz baino premia handiagoa du, termino askatzaile eta eraldatzaileetan kokatzen diren posizioetara bultza egiteko alternatiba eraikitzea. Alegia, bizi dugun ultraeskuinaren hazkundearen, balio erreakzionarioen hedatzearen, matxismoaren zein arrazismo eta xenofobiaren hedatzearen aurrean, egin dezakegun hauturik eraginkorrena herri sektore eta sektore zaurgarrienen alde lerratu eta diskurtso faxisten aurrean kontrajartzen den alternatiba integrala egikaritzea da.
Gure egitekoa, hau Euskal Herrian eraikitzea da. Euskal Herrian, herritar ororen bizitza duinak bermatu, faxismoaren aurrean harresiak eraiki eta inongo zapalkuntzarik gabeko gizartea egikaritzeko dugun bide bakarra Euskal Estatuaren egituratzea baita. Soilik estatu egitura propioek, gure herriaren behar, soziologiko, kultural, politiko, linguistiko eta ekonomiko propioen araberako antolamendua egikaritzea bermatu dezaketelako.
Eta ez gara ideia abstraktuez ari. Burujabetzaren gabeziak gure egunerokotasuna modu nabarmenean ardazten duen errealitatea baita. Hezkuntza zein enpleguaren esparruetatik, hizkuntza eskubide eta emantzipatzeko eskubideraino. Baita ere, trantsizio ekosozialaren gisako erronken aurrean hauei aurre egiteko posizioak guk geuk ezin zehaztea. Era berean, mundua zeharkatzen duen eskalada beliko eta pugna geopolitikoaren baitan, gure herria espainiar zein frantziar estatuek osatzen duten NATOren interes inperialisten aurrean erabat babes gabe aurkitzea.
Finean, independentzia ez da aldarrikapen soila, Euskal herritarrontzat bizitza duinak bermatzeko oinarrizko baldintza da. Horregatik, geroz eta gehiago gara independentziaren alde lerratzen garen gazteak. Geroz eta gehiago, espainiar zein frantziar estatuen proiektu neoliberal zisheteropatrialkala inpugnatzen dugunok. Horien logika homogeneizatzaile eta asimilatzailearen aurrean, guk Euskal Herriaren nortasun, hizkuntza eta ezaugarri propioak defendatzen ditugulako. Horregatik, egunez egun geroz eta gehiagok inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzearen aldeko borrokan bat egiten dugu.
Bidea zabalik dago, eta ibiltzea eta ibilian geroz eta gehiagok bidean aurkitzea dagokigu. Gazte independentistok gaur ez dugu ezer ospatzeko, eta borrokan jarraituko dugu inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria errealitate izan arte.
Gazteok independentzia!