Argi dugu nondik gatozen, 1976ko martxoaren 3tik gatoz, langile eta kolektiboaren indarretik gatoz.

Borrokarako grina duen herria da gurea, elkartasuna eta lana oinarri dituena. Honen lekuko izan gara mila borroka edota aldarrikapenetan. Argi dugu nondik gatozen, 1976ko martxoaren 3tik gatoz, langile eta kolektiboaren indarretik gatoz. Hartatik ikasi dugu. Erregimenaren poliziak Gasteizen Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda, Basaurin Vicente Anton Ferrero eta Tarragonan Juan Gabriel Rodrigo erail zituenetik 47 urte pasa diren arren, inoiz baino biziago eta gertuago nabari ditugu orduko aldarrikapen eta irakaspenak.

Egun kapitalismo zisheteropatriarkalak eta kolonialak eragin duen krisi anizkoitza lehertu da. Gazteok era berezituan kolpatzen gaitu prozesu honek, bizitzako esparru guztietan etengabeko prekarizazioa jasatea, bizi eredu zisheterokapitalista eta matxisten hedapenaren eragina edo etorkizunarekiko espektatiba eza dira gure bizitzen ezaugarri nagusiak belaunaldi krisia, alegia. Kapitalak eta haren konplize diren Estatuek alternatiba ezaren testuinguruan hezi nahi gaituzte espektatibarik gabe, atomizatuak, bakartuak eta otzanak izatera bideratuak. Horren aurrean, gure aurrekoek egin zuten antzera, erroko alternatiba aldarrikatu, borrokatu zein eskeintzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Borrokarako grina duen euskal gazteria gara eta gazteon zapalkuntza ororen gaindipenaren alde borrokatuko duen fronte bat osatzera goaz, gazte olatu bat. Beharrezkoa dugu kaleak astinduko dituen olatu bat, alternatibak eraiki, borrokak piztu eta batasunez lan egingo duena. Honetaz gain, burujabetza eta eraldaketa oinarri gure bizi eredu eta baldintzen iraultzea borrokatuko duena. Etorkizuna ez ezik, oraina ere aldatzeko grina dugun gazteak gara.

Komunitatean bizi eta antolatzeko apostua egiten dugu, indibidualismotik aldenduz. Elkarzainduz eta egungo sistema eraldatuz bakarrik egingo baitugu aurrera. Herriaren eta herritarron zaintza erdigunean kokatuz.

Memoria duen herria dgureeta gu, memoria duen gazteria gara. Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu. Funtsezkoa izango da belaunaldi gisa trasmisioan egiteke dugun lana, belaunaldi berriei gure herriaren bizipen eta irakaspenak helarazteko konpromisoa daukagu. Martxoaren 3aren atarian, memoria koletikboan eraikitzean berresten gara.

Argi dugu nondik gatozen bai, baina argi dugu nora goazen ere. Egungo ziurgabetasun egoera iraultzeko helduleku izango dugu proiektu politikoa: indepedentzia, sozialismoa eta feminismoa. Ez dadin haria eten, segi dezagun eguneroko borrokan.

EZ DADILA ETEN BORROKARAKO GRINA!