Ekainak 28an, Stonewalleko gertakarietatik gaur egun arte, sistema zishetero patriarkal kapitalistak ezartzen dizkigun espektatibei planto egiten diogula aldarrikatzeko eguna izan da. Kapitalismoaren izaera produktibo eta erreproduktiboa zalantzan jarri, eta gorputzen garrantzia erdigunean jartzeko ezinbesteko data

 

Argi dugu sistema kapitalistak gure gorputz eta identitateetan duen eragina, eta honen arabera gizartea antolatzeko espazio batzuetan edo besteetan izango dugun lekua zehazten du, edo lekua izango dugun edo ez. Lan produktibo eta erreproduktiboen dikotomian kokatzen gaituzte gure gorputzen arabera. Gazte transmaribibollook argi dugu, ez dugula eskema horren subjektu izan nahi. Gure desirak eta identitateak, ezin ditugu praktika soil bezala ulertzen, baizik eta gizarteratzeko eta harremantzeko modu bat bezala.

 

Gizarte indibidualista, neoliberal honetan, gure bizitzak, harremanak, espazioak eta aliantzak eraikitzeko moduak zalantzan jarri, eta ezinbestekoa da estrategia transfeminista batetik begiratzea, eta sistematikoak diren zapalkuntzak gorputzetan nola eragiten duten ulertzea, eraso LGTBI+foboak gora egiten duten heinean, ezinbestekotzat ikusten dugu sare, elkarlan, zaintza eta antolakuntza bat artikulatzea.

 

Faxismoaren gorakada uka ezin honen aurrean, gure praktikak, egoteko moduak, desirak, gorputzak eta abar erantzun antifaxista bat bezala ulertu behar ditugu, Ernaiko kideok argi dugu, gazte transmaribibollook agente aktiboa garela faxismoaren gorakadari aurre egin eta gizarte transfeminista bat eraikitzeko.

 

Ezin aipatu gabe utzi, gurea, haien onura politiko, sozial eta ekonomikorako erabiltzen dituzten horiek. Irmoki salatzen dugu Israelgo estatua Palestinar herriarekiko burutzen ari den genozidioa, mugimendu transmaribibolloa mugimendu dekoloniala da, eta ez dugu onartuko gure izenean genozidio basati honen aurrean burutzen ari diren zuriketa eta pinkwashing-a.

 

Azpimarragarria da Euskal Herrian ehuntzen ari den sare transfeminista, horren adibide dugu apirilean burutu ziren Bollotopaketak. Non, Leitza, antolatzeko, hausnartzeko eta gozatzeko ehunka pertsonen topaleku izan zen, edota maiatzak 17an Euskal Herria luze-zabalean antolatu ziren hamarnaka mobilizazio aldarrikatzaileak.

 

Gazteok argi dugu, Sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonialarekin amaitzeko arma gara. Botere transfeministaz armatuta gaude, eta honetan berresten gara. Gure gorputzak erdigunean jarriz, aliantzak eta harremanak leku desberdinetatik eratuz, eta gure artean zainduz, saretuz eta antolatuz, Euskal Herria gure neurrira egingo dugu.

 

Gora borroka Transmaribibolloa!
Gora Palestina askatuta!