Ernaik gertutik jarraitu du prozesu hau hezkuntzako sindikatu, indar politiko eta ikasle antolakundeekin harremanetan egonik.

Azken hilabeteotan EAEko agenda politikoaren zein publikoaren erdigunean egon den gaia izan da hezkuntza legearena. Ernaik gertutik jarraitu du prozesu hau hezkuntzako sindikatu, indar politiko eta ikasle antolakundeekin harremanetan egonik. Dagoeneko aste batzuk dira legearen aurreproiektua aurkeztu zela eta sortzen dituen zalantzak gero eta ageriagoak dira.

Hezkuntza bezalako eremu garrantzitsu eta estrategikoan ezinbestekoa zaigu lege egoki bat izatea. Egun EAEn indarrean dagoen legeak hutsuneak dituela agerikoa da eta egungo hezkuntza sistemaren egoera ez da behar lukeen bezain ona. Azken urtetako EAJren politika murriztatzaile eta pribatizatzaileek ardura handia dute guzti honetan.

EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek apirilean sinatutako hezkuntza hitzarmenak hezkuntza sistemaren egoera iraultzeko eta hiru herrialde hauek bestelako balio batzuen baitan eraikitzeko minimoak betetzen zituela ulertu genuen. Egoera orain bestelakoa da, EAEko hezkuntza legearen aurreproiektuak ez baititu hitzarmenak jasotako adostasun ezinbesteko batzuk barnebiltzen.

Uste dugu lege aurreproiektua epe motzeko zein luzeko begiradarekin irakurri behar dugula. Batetik, epe motzean hezkuntza sistemak dituen urgentziei irtenbidea emango dien. Bestetik, epe luzean herri eraikuntza ikuspegi batetik aurrera pauso kualitatibo eta estrategikoei bide emango dien. Baina lege aurreproiektuak, ordea, ez ditu bi begirada hauek uztartzen.

Zenbait arlotan gazte ikuspegitik ere irakurri behar dugu aurreproiektua eta neurri zehatz batzuk betetzen dituela bermatu:

  • Euskalduntzea eta euskal kulturaren transmisioa: Lege honek bi baldintza hauek bete behar ditu, herriaren garapen ikuspegitik eta hizkuntza gatazkari irtenbidea emateko helburuarekin.

  • Segregazioa: Egungo hezkuntza sistemaren arazo larrienetakoa izanik irtenbidea behar du gaurdanik. Gizarte kohesioaren mesedetan neurri zehatzak behar dira eta hau sustatzen duten neurriak baliogabetu.

  • Doakotasuna: Hezkuntza eskubidea denontzat bermatzeko eta klase sozialen arteko bereizketarik ez emateko sarbide doakoa ezinbestekoa dugu, baita ikas materialen publifikazioa ere.

  • Ikasleria: Erdigunean egon behar den subjektua da ikasleriarena. Pedagogia eredua, ikas baldintzak, eskubideak… ikasleen neurrira diseinatuak izan behar dira eta, horretarako, ikasleen hitza entzuna eta errespetatua izan behar da parte hartze espazioak bermatuz eta botereguneak eskainiz.

  • Kanpo esku hartzea: Espainiar estatuaren eta multinazionalen interesetatik at egongo den sistema behar dugu, inolako kanpo esku hartzerik onartuko ez duena.

  • Burujabetza: Legeak burujabetza kuotak handitu behar ditu, hau da, burujabeago egin behar gaitu bai gu eta bai gure herria. Legea hau EAE mailakoa soilik izateak lurralde arteko desoreka areagotu dezake aukera lehioak irekitzen dituen bitartean.

Hauek izanik eskatu beharreko minimoak, horiek betetzeko eredu egokiena jaso behar du EAEko etorkizun hurbileko hezkuntza lege berriak eta helburuen baitako joko zelai bat diseinatu. Arduraz heldu behar diogu auziari, asko baitago jokoan baina inondik inora ez gara edozein lege onartzeko prest egongo.

Publikoa ardatz izan behar du lege berriak, egun dugun sistemaren elementu duinenak mantenduz eta besteak eraberrituz. Eredu ezberdinetako arlorik onenetatik lortu behar dugu hezkuntza sistema berria.

Momentuz EAEko hezkuntza legearen aurreproiektuak ez ditu behar beste zehaztasun jasotzen auzi hauen inguruan eta ahalik eta hezkuntza lege duinena lortzera bidean hezkuntza komunitateko eragileen aldarrikapenekin bat egiten dugu eta LAB, ELA eta Steilasen azaroaren 30eko eta abenduaren 14ko zein Ikamaren abenduaren 15eko mobilizazioetara dei egiten diogu ikasleriari.