Den-dena lehiatu behar dugun ziurtasunez heltzen diegu ate joka ditugun maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeei. Izan ere, gazteok betaurreko propioz begiratzen diegu hauteskunde hauei.
Krisi anitzek ardaztutako bidegurutze honetan, herritar guztion bizi-baldintza duinak bermatzeko, dena aldatzea besterik ez dugu.
Krisia besterik ezagutu ez duen belaunaldia gara, belaunaldi krisian bete-betean murgilduta dagoena. Horren adibideak besterik ez ditugu gure inguruan, ikasgelara sartzen garenetik ogia erostera goazeneraino. Ortzi-muga egonkorrak eraikitzeko aukerak ezabatzen dizkigute eta bizi-baldintza prekarioetara kondenatu gaituzte. Alta, dena aldatzera bidean, fronte bat dugu zabalik M-28an; hitzordu bat.
Ahots desberdinek diotenaren kontrara, gazteok politikaz arduratzen gara. Asimilaziora mugatu ez, eta hamaika espaziotatik gure errealitatea iraultzen dugu: gaztetxeetan, lantokietan, familia-bazkarietan, herri asanbladetan... Izan ere, parte-hartze politikoarekiko urruntzeaez da handitu, baizik eta sistema erreproduzitzen duten mekanismoekiko atxikimendua txikitu. Haatik, gazteon parte-hartze politikoa ukaezina da, formula berrien eta alternatiba eraldatzaileen baitan garatzen duguna.
Horrela soilik azaldu dezakegu EH Bildu izatea gazteon artean lehen indar politikoa. Datuek hori baieztatzen dute: 2020ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte-hartzea inoizko txikienetarikoa izanik ere, EH Bilduk emaitzak hobetu zituen, batez ere gazteon artean. Datozen hauteskundeetan, berriz, Nafarroan, 18-24 urte bitarteko gazteen %19,8k EH Bildu bozkatuko duela adierazi dute, eta Bilboko Udalean, %61,8k.
Hauteskunde hauek, gainera, potentzial gehigarria dute, udalgintza eraldaketarako fronte gisa ulertzen baitugu gazteok. Ez gara E egunaren zain egongo gure errealitateak eraldatzeko. Txikitasunetik hemen eta orain eman daitezkeen aldaketa materialak gure mesedetan jarriko ditugu; auzo eta herrietatik beste mundu bat posible dela irudikatzeko alternatibak eta ereduak eraikiko ditugu. Gazte Herria eraikitzeko bide propioak markatu eta botereguneak esplotatuko ditugu.
Borroka sozialaren indarrak hautetsontziak lehertzeko ere baliatzea dagokigu. Desmobilizatuta nahi gaituzte, etorkizunerako espektatibarik gabe. Baina guk, askapen sozialerako apustuan berretsieta horretarako jendartearen fronte guzti-guztiak esplotatuko ditugu, instituzioek eskaintzen dituzten aukerak ere baliatuz.
Prozesu politikoan instituzioak eta botereguneak ezinbestean behar ditugu. Ahalik eta instituzio gehienetan egon eta horiek prozesuaren mesedetan proiektatu. Finean, botereguneak independentista bilakatzeaz ari gara.
Arrazoiak eta ilusioa sobran ditugu, eta egunero egiten dugun bezala, gure onena ematea dagokigu herri honek aurrera egiten jarrai dezan. Ekimen politiko berri bat dugu parez pare, eta beste guztiei heltzen diegun bezala helduko diogu. Ez gaitzatela axolagabekeriaren hotsek gortu. Milaka gara testuinguru honetan pauso bat aurrera ematen dugunak, eskuorri bat banatzetik hautetsi bezala aurkezteraino. Eta hori balioan jarri beharra dugu. Dena lehiatzeko daukagun grinak gidatzen gaituelako.
Hurrengo igandean ez delako ezer amaitzen, gainerako boteregune guztiak disputatzen jarraitzea dagokigu. Independentziara, sozialismora eta feminismora bidean, gazteok kaleak astintzen eta gure errealitateak eraldatzen jarraituko dugu 29tik aurrera. Hitzorduz hitzordu, gazterik zapalduta biziko ez den Euskal Herriari bidea egiten.