Gazteok ez dugu ahazturan 1976ko martxoaren 3a. Gazteok memoria dugu eta ondo dakigu borroka ziklo haren baitan mobilizatutako langileek, gazteek, ikasleek bizi baldintza duinak aldarrikatu eta hauen alde borrokatu zutela.

 

Giro hartan murgilduta zeudela Francoren oinordeko Erregimenaren poliziak Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen Gasteizen, eta ondorengo egunetan Vicente Anton Ferrero Basaurin  eta Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan. 

Garaian, gazte zein ikasleek ere antolakuntzaren aldeko hautua egin zuten, momentu hura eraldaketarako une gisa irakurriz, gazteek aldaketa horiek aurrera eramateko erdigunean egon behar zutela bazekitelako. Egun ere, sinetsita gaude eraldaketa gazteon eskutik etorriko dela, gazte izanagatik herri hau eraldatzeko antolatzea besterik ez dugula badakigulako hala jardun dugun azken hilabeteotan: kaleak feminismoz bustiz Baterajotzetik Greba Feminista Orokorrera, gure hizkuntza defendatuz, Palestinari elkartasuna adieraziz, gazteon osasun mentala erdigunean egon behar denaren aldarria zabalduz edota memoria ekimenak martxan jarriz besteak beste.

Lehia kutural eta politikoa suposatu zuen greba garai hark eta gaurkoan ere bataila kultural eta politiko horretan murgilduta jarraitzen dugu. Etenik ez duen borroka da gurea, garai bakoitzari dagokiguna borrokatuz egunez egun ematen duguna. Gure balio, nahi eta beharrei erantzungo dion errealitate bat eraikitzera bidean eragiten gabiltza: bizi baldintza duinak erdigunean jarriz eta bizi ereduak gure neurrira eraikiz egunez egun. Hezkuntza eredu euskaldun eta feminista borrokatzetik hasita, enplegu duinak defendatu edo elkar zaintzeko sareak sortzetik igaroz.

Sistema zis-heteropatriarkal eta arrazista hau iraultzera goaz, inpugnazio ariketa egitetik aurrera urratsak eman eta aukeren unea dela argi dugu. Herri berri bat eraikitzeko unea, burujabetza eta eraldaketa soziala oinarri guztiontzako aukerak izango dituen herria. Gure bizitzak komunitatean, elkar-zaintzan, jasangarritasunean eraikitzeko aukera emango digun herria.

Borrokak etenik ez duela argi dugu, aurrera jarraitzen du, molde edo formaz aldatuz beti aurrera eginez. Atzoko eta gaurko grebek eta mobilizazioek borrokara batzen gaituzte. Finean, borrokak batzen gaitu.

Gora langileon borroka!
Gora martxoaren 3a!