Finean, feminismoa bizitza eta kapitalaren arteko talka ikusarazi eta bizitza duinen alde jende gehien antolatu eta borrokara eramateko gaitasuna duen mugimendua da.
Badira urte batzuk zapalkuntzarik gabeko mundu baten aldeko borrokan feminismoak lidertza hartu zuenetik. 2018 eta 2019ko greba feministek iraultza honen dimentsioaren berri eman zuten. Feminismoa bilakatu da bizi dugun errealitatea aldarazteko potentzialitate handiena duen mugimendua: jendartea politizatzen (zeresanik ez belaunaldi berriak), herriz herri antolaketa maila ikaragarria lortzen, mobilizazio gaitasun erraldoiarekin eta, batez ere, kapitalismo heteropatriarkala inpugnatzeko parerik gabeko gaitasuna erakutsita.
Finean, feminismoa bizitza eta kapitalaren arteko talka ikusarazi eta bizitza duinen alde jende gehien antolatu eta borrokara eramateko gaitasuna duen mugimendua da. Horretatik guztitik, lorpen materialak zein borroka kulturalaren eremuan garaipenak lortzen ari da. Joan den azaroaren 30eko greba feminista orokorra inflexio puntua izan da prozesu horretan.
Euskal Herriko Mugimendu Feminista mundu berri bat irudikatzeko gai zela bagenekien. Orain, badakigu mundu horren norabidean borroka zehatzagoak identifikatu eta borroka zikloak pizteko gai ere badela.
Greba feminista orokorrean sakonduta, prozesuan azpimarratzeko diren lorpenak egon dira: pandemiaren hasieratik gaur arte iraun duen hausnarketa prozesu mamitsua, greba komiteak sortu diren herri eta auzo kopuru oso altua, Herri Akordioaren sorrera, zaintza lanetan dauden langileak erdigunean kokatzeko iniziatibak, belaunaldi ezberdinen arteko sinergiak edota mugimendu feministaren lidertza eta protagonismoa zainduta, eragile mistoak eta gizonak prozesura batzea.
Bizitza duinak eskuratzeko bidean jendartea sostengatzen duen zaintzaren auzia politizatu, agenda politikoaren erdigunera eraman eta zaintza sistema publiko eta komunitarioaren norabidean borroka ziklo bat abiarazteko izan duen gaitasunagatik.
Greba egunean ere lorpenak nabarmenak izan dira: herri kopuru oso altuan ekimenak, mobilizazio erraldoiak herri zein hiriburuetan, zaintza guneen antolaketa zein produkzioa gelditzeko piketeak eta errepide mozketak. Baina, era berean, piketeen izaera sektore bakoitzaren arabera berrasmatzea lortu da: Euskal Herria blokeatu zuten bide mozketa eta manifestazio geldoekin, greba egin ezin duten zaintza langileekin batera egindako keinuak, erantzuleak markatzeko kateaketak eginda edota ikastetxeak ixteko ekimenek osatuko dute 2023ko azaroaren 30eko memoria kolektiboa.
Hori guztia, lidertza feministak zainduta. Greba egun guztiz dinamikoa eta desnormalizatzailea izan zen, greba orokorretan lanuzteek duten zentraltasuna mantenduta, batik bat, zaintza eremuetan jarraipen zabala izan zutenak. Gainera, greba egin ezin duten langileek parte hartzeko mekanismoak ere sortuta.
Aipamen berezia egin nahiko genioke gazteok greba feminista orokorrean izandako paperari. Sarritan, zaintza urrun bizi dugula entzun behar izan dugu, zaintzarekiko ardurarik ez dugula. Baina, balioan jartzekoa da Euskal Herriko Neska* Gazteetatik egin den prozesu guztia: mugimendu feministan ekarpena egiteaz gain, Euskal Herri osoko 800 neska gazte Baterajotzean zaintzaz hausnartu eta gazte mailako ekarpena diseinatuta, zein neska gazteek zaintzaren auziari dagokionez dituzten aldarrikapenak mahai gainean jarrita
Finean, greba orokorraren eragite gaitasunaren elementu indartsuenak zaindu, baina perspektiba feministaz greba orokorrari are potentzialitate handiagoa atera zitzaion eguna izan zen.
Aitortza merezi du ere herrietako asanblada feministetan eta greba komiteetan neska gazteek izan duten papera espazioak dinamizatzen, izan ere, horietako askoren sorrera ere neska gazteen esku egon da. Bestetik, ikastetxeetan eta campusetan egindako prozesu guztia eta ikasleen artean grebak izandako jarraipen masiboa ere zaintzaren auziak gazteen artean garrantzia hartu duen erakusgarriak dira. Horrez gain, herriz herri hainbat eta hainbat gazte mugimenduk eta norbanakok egin dute bat grebarekin, gazte mailako lanketak sustatuta.
Prozesuak korapiloak ere izan ditu, gizonen parte hartzea auzi korapilatsuenetakoa bilakatzeraino. Ez da inondik inora ere emakumeen parte hartze eta inplikazio mailara heldu.
Kontziente gara, Ernai antolakunde mistoa izanda, antolakundeko eta gure komunitateko gizonak inplikatzeko ardura genuela. Prozesu horretan gizon gazte askok zaintzaren auzira eta feminismora hurbiltzeko pausoak eman dituztela balioan jarri nahi dugu, betiere, oso kontziente izanda bide luzea dagoela egiteko: zaintzaren auziarekiko trebakuntzan, formakuntza feministan, gure inguruarekiko zaintzan inplikatzean edo praktika feministak eraikitzean.
Ezkerreko gizon orok izan beharko luke zer hausnartu prozesuan gizonek izan duten parte hartzeaz. Baita protagonismorik gabeko jarrera aktiboa izateko izan duten zailtasunaz.
Parte hartze kuantitatiboa handiagoa izan zitekeen eta parte hartze kualitatiboan pausoak daude emateko. Honetatik guztitik ikasi eta hemendik aurrera zaintza zein feminismoa guztion ardura dela praktikaren bidez erakusten jarraituko dugu, izan barne zein kanpo jardunean.
Ernaik bizitza duinen aldeko Gazte Frontea du ziklo politiko honetan apustu nagusitzat. Bizitza duinak eskuratzeko askotariko borrokak piztuta, horiek guztiak zapalkuntzarik gabeko jendarte baten eraikuntzaren norabidean kokatuta. Azken hilabeteetako prozesu honek norabide hori berrestera eramaten gaitu. Baina ez hori bakarrik, aliantzen estrategikotasuna, sektore zaurgarrienekin zubiak eraiki eta borrokaren erdigunera eramateko beharra eta feminismoaren zentraltasuna Gazte Frontean ezinbesteko ardatzak direla ikusarazten digu horrek guztiak.Are gehiago, euskal herritarra Euskal Herrian bizi, lan egin eta zaintzen duen pertsona dela mahaigaineratu duen prozesua izan da.
Orain greba egunaren aurretik baino gertuago dago euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa. Hori baino gehiago ere bai, Euskal Herri berri baten norabidean egindako prozesu eredugarriak gure herri zapaldua ikusarazi eta eraikitzen jarraitzea ahalbidetu du. Bizitza duinak lortzeko borroka burujabetza eta eraldaketa sozialaren norabidean dagoela ikusi den moduan.
Hurrengo hilabeteetan ere hamaika borroka eta egitasmo egongo dira. Ernaik borroka horietan eta borroka propioak sortzen jarraituko du: zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde, Euskal Herri feminista eraikitzeko norabidean, eraldaketa pertsonal eta kolektiboak gauzatuz, gazte sektore berriak borroketara batuz eta gazte guztien bizitza duinen alde.
Bizitzaren aldeko barrikadan jarraituko dugu!