Krisian dago sistema, bere oinarrian ustelduta dagoen sistema. Eraikitako gezur guztiak eraisten ari dira eta horrekin batera hazkunde mugagabearen ideia gezurra da. Sistema kapitalistak inposatutako antolaketa sozial eta ekonomikoa sostengagaitza da.

Oparotasunaren aroa amaitu da. Arrakasta indibiduala, “nahi izanez gero ahal duzu” edota askatasunaren mantrak agortu dira. Krisian dago sistema, bere oinarrian ustelduta dagoen sistema. Eraikitako gezur guztiak eraisten ari dira eta horrekin batera hazkunde mugagabearen ideia gezurra da. Sistema kapitalistak inposatutako antolaketa sozial eta ekonomikoa sostengagaitza da.

Errealitatea ukaezina bada ere, ez du esan nahi hau erori eta antolaketa justuago baterako bidea irekia dagoenik. Izan ere, kapitalismoaren erreprodukzioa bermatuko duen sistema berreraikitzeari ekin diote enpresari handi eta gobernu konplizeek. Fasez aldatu bai baino egoera gordinago baten aurrean egon gaitezke. Borrokatu ezean, erroko alternatiba bat eraiki ezean, are prekarizazio gogorragoa biziko dugu.

Izan ere, sistemak kapitalaren erreprodukzioa beste edozerren gainetik kokatzen du. Herritarron bizitzen ordez irabazi ekonomikoa lehenesten da. Horregatik, bizitza eta kapitalaren arteko talkari buruz hitz egiten dugu. Sistema honek ez baitu bizitzaren garapen duina bermatzen. Sostengatzen duten antolaketa sozial eta ekonomikoak ez baitu inoiz horretarako aspiraziorik izan.

Baina baditugu itxaropenerako arrazoiak. Alternatiba existitzen da eta Euskal Herrian independentzia, sozialismoa eta feminismoaren proiektuak ordezkatzen du. Zaintzaren, lanaren eta ondasunen banaketari esker herritar guztion bizi baldintza duinak bermatuko dituena. Inor atzean utziko ez duen sistema, herritarron mesedetara antolatuko dena, euskal sozialismoa alegia. Proiektuak ezinbestean hau gauzatuko duen subjektua behar du, alternatiba hori eraikiko duena. Euskal Herrian, eremu desberdinetatik, hainbat gara bide horretan lanean ari garenak. Euskal Langileriaren antolakuntzak soilik lortuko baitu proiektua bera erdiestea.

Bide horretan ezinbestekoa dugu LAB sindikatuari aitortza egitea. Sindikatuak jakin izan baitu langile subjektua indartu eta antolatzen. Eta hori subjetuaren aniztasunaren kontzientzia batetik soilik egin daiteke. Euskal Herrian langileriak izan ditzakeen forma desberdinak ulertuz eta guzti hauetarako proposamenak garatuz. Baita ere, borrokari eutsi eta egunero euskal herritarron bizi baldintzen hobekuntzak lortuz. Sindikatuaknduen zuhurtasunaren erakuslea da, gaur egun, sindikalgintza beste eremu batzuetara iritsi izana; historikoki heltzeko zailtasunak izan dituen eremuetara, hain justu.

Mundua bidegurutze batean dago; gaur hartzen ditugun erabakiek gure bizitzak hurrengo hamarkadetan baldintzatuko dituzte. Horregatik, ezinbestekoa da mundua beste koordenada batzuetan kokatzea, erroko alternatiba eraikitzea, alegia. Bide horretan, Euskal Herritik langileon askapenerako egin dezakegun ekarpenik handiena, Euskal Herrian prozesu iraultzailea gauzatzea da. Inongo zapalkuntzarik egongo ez den Euskal Herria eraikiko duena. Horrek izen bat dauka prozesu independentista eraldatzailea, gazteok lehen lerrotik bultzatuko duguna.

Bizitzaren aldeko barrikadan, gazteok lehen lerrora!