Irailaren 27a, horiek eta Euskal Herriko askapenagatik borrokatu duten guztiak gogoratzeko, eta haien helburu zein borroka gure eginda, haien proiektua aldarrikatzeko eguna dugu.

1975ko irailarean Frankok azken heriotza zigorrak ezarri zituen, tartean ETAko bi kide: “Txiki” eta “Otaegi”. Irailaren 27a, horiek eta Euskal Herriko askapenagatik borrokatu duten guztiak gogoratzeko, eta haien helburu zein borroka gure eginda, haien proiektua aldarrikatzeko eguna dugu. Beste garai batean, beste momentu eta testuinguru batean aurkitzen bagara ere, proiektu politiko bera dugu zerumuga: Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista.

Beste testuinguru batean aurkitzen garelako, estrategian aurrera egiteko beste molde batzuk beharrezkoak zaizkigu. Egungo egoera erraza eta itxaropentsua izatetik urrun dago. Zibilizazio krisi bete-betean aurkitzen gara. Erregaien krisiak, krisi klimatikoak, ekonomikoak, sozialak… hamaika krisik zeharkatzen dituzte gure gorputzak. Gazteon kasuan, espektatiba eza eta prekarietate are gordinago bat da egiten zaigun eskaintza bakarra. Etorkizun duin bat ukatzen digute, baita honen aldeko borroka ere. Burumakur, gure zilborrari begira nahi gaitu espainiar estatuak eta honetan bizirik dirauen 78ko erregimenak.

Baina gazteria erroko alternatiba baten aldeko borrokarako prest dago, gure egiten dugularik biharko Euskal Herri feminista eta sozialista diseinatzea, marraztea eta aldarrikatzea. Orain dela asko hasitako borrokari jarraipena ematea dagokigu, zabaldu zuten bide beretik aurrera egitea, nazio askapena ardatz hartuz, baina bide hori aberastea, gure proiektua osagarritu eta garaia egokitzea. Euskal Herrian borrokatu eta honen askatasunaren alde aurrerapausoak ematea baita zapalkuntza oro gainditzeko bidea. Eremu guztietan boterea eraikiz eta lehiatuz, burujabetzak eskuratuz bihurtuko dugulako gure proiektua errealitate.

Borroka luze baten lekukoa hartzearekin batera honen trasmisioan katebegi bat gehiago gara. Estatu espainolak zein erregimen frantses jakobinoak ezarri nahi duen errelato bakar eta partzialaren aurrean, gu herri memoria gara.

Euskal gazteriak hartu du konpromezua Ezker Abertzaleko proiektu politikoa bururaino eramateko, independentzia sozialismoa eta feminismoa lortzeko konpromisoa. Frankismoaren garai ilunenetan belaunaldi oso batek herri hau bizkar gaienean hartu zuen bezala, guri, gazteoi dagokigu, marrazten diguten etorkizun beltzaren aurrean, Euskal Herria alternatiba oso baten alde norabidetzea, alternatiba hori borrokan eraikitzea.

Borrokan, biharko garaipena lortuko dugu!