Duela lau hilabete argi esan genuen Ernairen aurkako operazioak ez zuela balioko gu desagerrarazteko. Hori ikusi dugu azken hilabeteetan eta horixe bera adierazi dugu gaurkoan ere, Donostian: milaka independentista, milaka gazte independentista bildu gara.

Aitortu beharra dugu, azken hilabeteak ez direla errezak izan. Gure bizkarrean jarritako 290.500 euroko zamak helburu argi bat dauka: Ernai ekonomikoki itoz po­­litikoki anulatzea, eta horrek pisu handia suposatzen du. Baina, jakin izan dugu egoera honi aurre egiten eta urrats bat aurrera ematen. Hau, kolektiboan antolatuz eta kolektiboan ekinez egin dugu. Horregatik, gaurkoan aitortza berezia egin nahi dizuegu lau hilabete hauetan zehar ekarpena egin duzuen pertsona guztiei. Izugarria da bat eginez sortu duguna!

Hain zuzen ere, dugun gaitasun kolektibo horregatik abiatu dute gure aurkako operazioa. Ez da ausaz hartutako erabakia izan. Eraso hau, Ernaik agortuta dagoen espainar estatuaren eskaintza inpugnatzeko eta bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokari ekiteko gero eta indar handiagoa duen unean, eta hori erakusten ari garen unean gertatu da. Ernaik geroz eta babes zabalagoa duen une batean, geroz eta gazte gehiagok Ernairen baitan antolatzeko hautua egin dugunean. Operazio hau beraz, horren erreakzio baino ez da.

Era berean, eraso hau ezkerreko independentismoa hegemonia politiko eta soziala lehiatzen ari den unean gertatu da. Urteetan zehar batzuek sinistarazi nahi izan digute herri honekin edozer egin zezaketela, eta haien boterea mugaezina zela. Sinistu izan dute independentistok ez genuela zer egiterik eta guri ogi apurrak baino ez zegozkigula. Orain aldiz, okertuta zeudela erakusten ari gara, eta beldur dira! Gure unea heldu da eta horregatik abiatu dute gure aurka gazteria independentista joputuan jartzen duen operazioa.

Guk, gazteok argi dugu Euskal Herrian etorkizun bizigarri bat eraikitzeko tresna bakarra independentzia dela. Estatu propioak, egitura propioek soilik bermatu dezaketelako inor atzean utziko ez duen Euskal Herria. Eta hau ez da ezer abstraktua, burujabetzaren gabeziak gure egunerokotasuna baldintzatzen baitu.

Gaur hemen gauden zenbatek amestu dugu Euskal Herri aske batekin? Zenbatek egin dugu amets duintasunez emantzipatzeko eskubidearekin, euskaraz bizitzearekin, euskal herriko zaintza sistema publiko eta komunitarioarekin, merkantzia gisa erabiliak ez garen lan duinak izatearekin, hezkuntza sistema propioarekin. Finean, Euskal Herria etengabe jopuntuan ez dagoen erralitate batekin; eta gure herriaren etorkizunaren inguruan geuk erabaki ahal izatearekin. Gure bizitza zeharkatzen duten jarduera guztiak gure neurrira eta gure beharrean arabera eraikiak izatearekin. Ba ez, hau ez da amets hutsa. Ameslariak gara bai, eta gure amets horiek borrokaz errealitate bilakatuko ditugula konbentzituta gaude. Ametsak egi bihurtzera goaz, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabaztera goaz!

Herri honetan soberan dakigu, borrokatuz, ekinez, eroriz eta eroritako bakoitzen altxatuz edozer irabazi daitekeela. Oso presente dugu hori. Are gehiago gaur bezalako egun batean, non hemenik 20 kilometrorara, Hondarribian, lehenen aldiz Jaizkibilek alardean parte hartzea lortu duen. Zorionak eta batez ere eskerrik asko urteetan zehar borrokatu duzuen Jaizkibeleko kide guztiei, eredu zarete!

Gaurkoarekin ez da ezer amaitzen, hau hasiera bat baino ez da. Orain hasten den ikasturte hau ekimenez betea egongo da. Izan ere, duela lau hilabete jakitera eman genuen bezala segurtasun sailaren arbitrarietatea eta desproportzionalitatea salatzeko epaitegietara jo dugu, eta ikasturte honetan zehar horren berri izango dugu. Argi esaten diegu, operazio hau abiarazi izanaz damutuko zarete.

Era berean, isunek eragindako zulo ekonomikoa oraindik ez dugu bete, eta hurrengo hilabeteetan zehar zuen guztion ekarpena behar izaten jarraituko dugu. Eta nola ez, aurtengo udaberrian urteroko zita izango dugu Gazteon Eskutik ekimenean. Gaurdanik dei egin nahi diezuegu gazteria independentistari indarrak biltzen jarraitzeko hitzordu horretan parte hartzera.

Beste hitzordu baten berri ere eman nahi dugu gaur. Izan ere, aurrera goaz eta gehiago gara bide horretan bat egiten dugunak. Baina era berean, botereari eutsi nahi dioten espainar proiektuaren ordezkariek, guk ordezkatzen dugun proiektuaren aurkako oldarraldia dute martxan. Hau era berezituan gertatzen da Nafarroan eta bereziki Hegoaldean. Proeiktu espainolistaren defendatzaileek, Nafarroaren zatiketa betikotu nahi dute; gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta balio atzerakoiak gailendu. Horregatik, urriaren 12 honetan Tafallan mobilizatuko gara, oldarraldi horri aurre egingo diogu eta Euskal Herria antifaxista irabaziko dugula argi utziko dugu.

Urte erabakigarriak ditugu aurretik, eta gazte independentistok bide hau ekiteko prest gaude. Nazio aitortza zein erabakitzeko eskubidea borrokatuz, independentziaren aldeko borroka ardatz. Geroz eta gehiago garelako etorkizunari begiratu eta independentziaren alde lerratzen garen gazteak; Euskal Herrian gazte izatea eta independentista ez izatea oinarrizko kontraesan baita. Prest gaude! Hurrengo hilabeteetan indarrak biltzen jarraitu eta inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko borrokan bultza egiten jarraituko dugu. Beraz, animo guztiei jarrai dezagun bat eginez independentziara bidea egiten! Irabaziko dugu!

Bat eginez independentziara!