Gaurko egunez 1975ean, diktadura faxistaren azken uneetan, “Txiki” eta “Otaegi” ETAko militanteak fusilatu zituzten. Ordutik, gaurko eguna Nazio Askapen Mugimenduko kideok Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan eroritako kideak oroitzeko egun gisa baliatzen dugu.

 

Borrokan hildako militanteak omentzeko eguna da, baina baita ere, proiektu baten alde bildutako komunitateak bere buruari begiratu eta aitortza egiten dion eguna. Borrokan jarraitzeko eta indarra biltzeko unea alegia.

Txiki eta Otaegi fusilatu eta hiru urtera, aurten 45 urte, estatu espainolak Jose Miguel Beñaran “Argala” ETAko kide eta Euskal Nazio Askapen Mugimenduko pentsalari nagusietako bat erail zuen. Argalak eta bere belaunaldiak une horretan zabaltzen ari zen ziklo berria zuhurtasunez irakurtzen jakin zuten. Trantsizioaren fartsa auzitara atera eta horri herri gisa erantzuteko ahalegina egin zuten. Era berean, Argalak gaur egun Ezker Abertzalearen praktika politikoa norabidetzen jarraitzen duen estrategiaren oinarriak jarri zituen. Euskal Herrian klase auziak nazio askapenaren forma hartzen duela, horiek biak “txanpon beraren bi aldeak” direla ebatziz.

Belaunaldi hark eta Argalak marraztutako bidea gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du. Euskal Herriak iraultzarako territorioa izaten jarraitzen du. Txanponetik poliedrora igaro gara, interksekzionalitatearen potentzialitatea prozesu politikoaren mesedetan kokatuz. Gurea zapalkuntza guztien gaindipenerako borroka baita, independentzia izanik horien gaindipenerako tresna ezinbestekoa. Era berean, eskala globaleko erronkei herri gisa heldu behar diegu: trantsizio ekosoziala, zaintza sistema publiko eta komunitariora trantsizioa, migrazio fluxuen erronka berriak, etab. Euskal Herriak bizi duen zapalkuntzaren gaindipenak nazio gisako egitasmoak behar ditu.

Izan ere, atzo bezala, nazio auziak espainiar estatuko katebegirik ahulena izaten jarraitzen du. Horren konponbiderako estatuaren borondate ezaren aurrean, gure herriak norabide komun eta propio bat marrazteko baldintzak eskuratzea dagokigu. Gazte eremuan, geroz eta gazte independentista gehiago izatetik eta indar hori guztia Euskal Herriaren askapen prozesuaren mesedetan jartzea dagokigu. Gure esku baitago hirurogeita hamar urtetako borroka zikloaren helburuak erdiestea, finean zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria irabaztea.

Eta horretarako lanean ari gara. Milaka gara egunez egun herri honen alde gure onena ematen dugu gazteok. Izan ere, askapen prozesuan aurrera egiteko askotariko ekarpenak egitea dagokigu. Txiki eta Otaegiri, borroka armatuaren bidez ekitea egokitu zitzaien gisan. Beste hainbesteri euskara iluntasunetik plazara ateratzea. Milaka izan ziren baita Lemoizen aurkako borrokatik nuklearrik gabeko Euskal Herria eraiki zutenak. Edota “Basauriko 11-n” gisara herri feministari ekin ziotenak.

Konpromiso eta erantzukizun beretik jarraitzen dugu gaur Euskal Herria eraikitzen. Barruan daramagun horri begira, bidea argitzen. Pentsatzen duguna esateko aske sentituko garen eguna heldu dadin borrokan. Izan zirenengatik borrokan baina batez ere izango direnengatik. Beraz ekin diezaiogun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeari!

Gora Euskal Herria askatuta!