Indarkeria gure egunerokoan bizi dugu neska, trans eta bollerok eta tamalez geroz eta arruntagoa egiten zaigu. Indarkeriak zenbait aurpegi ditu eta dagoeneko sotilenak zein adierazgarrienak ere normalizatu ditugu.

Indakeria zuzena eta agerikoa da batzuetan, beste batzuetan, modu oso sotilean zeharkatzen gaitu. Batean zein bestean, zisheteropatriarkatuak eragindako egiturazko indarkeriaz ari gara. Sistema heteropatriarkal kapitalistaren erreprodukzioa bera indarkeria da. Indarkeria erreproduzitzen du. Zentzu horretan, indarkeria bizi dugu familia barruko zaintza lan guztiak bakarrik egitea dagokigunean, guk erabaki gabe eta generoagatik lan aukera gutxiago eta prekarioagoak izatean.

Gainera sistema honek, balore patriarkal eta matxisten hedapena sustatzen du. Eta, hau beste esparru batzuetatik ere indartzen da: zenbait komunikabideren inplikazioz, gizarte eragile eta eragile politikoen mezuez, feminismoaren aurkako diskurtsoez, ultra eskuinaren inpunitateaz, justizia patriarkalaz… horiek ere arduradun dira.

Olatu erreakzionario baten aurrean gaude, feminismoaren indartze eta zabaltzearekin batera, hau deslegitimatzeko, erridikulizatzeko eta  erasotzeko saiakerak ugariak dira. Guretzat, (eraso) horiek aldiz, bide onetik goazela gogoratu, eta feminismoa zapaltzen gaituen sistema iraultzeko tresna dela berresteko arrazoi bat gehiago dira. Alegia, erreakzioa ez da ezerezetik ematen, posizio zein balio eraldatzaileen hedapenari ematen zaion erantzun atzerakoia da hau.

Feminismoa eta autodefentsa feminista, komunitatea ulertzeko, antolatzeko eta jarduteko modu bat dira, finean bizitzeko beste eredu bat da. Euskal Herria eraldatzeko norabidea eskaintzen diguna, tresna eta helburua da. Euskal askapen prozesua ezin dugulako feminismoaren ekarpen teoriko eta praktikorik gabe ulertu. Alegia, feminismoa inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren eraikuntzarako ezinbesteko osagaia da, etorkizun bizigarri eta desiragarria(k) irudikatzeko aukera eskeintzen diguna. Horregatik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokan eman behar dugun jauzia feminismotik egitea ezinbestekotzat kokatzen dugu.

Eta bide horretan neska, trans eta bolleron boteretze kolektiboa ezinbestekoa da. Autodefentsa feministaz armatuko gara eta eguneroko lan eta borrokatik sistema aldatuko dugu, eguneroko indarkerien aurrean saretuko gara. Indarkeriarik gabeko herri bat behar dugulako, bizitzak erdigunean kokatuko dituen herri bat eraikitzen dihardugu.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako eguna dugun honetan, Mugimendu Feministak mobilizatzeko egindako eskaintza zabalean parte hartzera dei egiten dugu. Eta horretaz gain, gazte feministok saretzeari, antolatzeari eta borrokatzeari ekin behar diogu.

Euskal Herria feminista irabaztera!

Gurea autodefentsa feminista!