Gaur apirilaren 17ª preso politikoen nazioarteko eguna da. Munduan zehar milaka dira mundu hobe baten alde borrokatzeagatik, arrazoi politikoengatik espetxeratutako militante politikoak.

Gaur apirilaren 17ª preso politikoen nazioarteko eguna da. Munduan zehar milaka dira mundu hobe baten alde borrokatzeagatik, arrazoi politikoengatik espetxeratutako militante politikoak. Hau, sistema kapitalista zisheteropatrialkalak eta estatu zapaltzaileek disidentzia politikoaren aurka darabilten estrategia errepresibo sistematikoaren adibiderik gordinena da. Hoiei guztiei gure elkartasun osoa adierazi eta haien askatasuna aldarrikatu nahiko genuke gaur.

Euskal Herriak aski ezaguna du errepresioa eta honen forma guztiak. Bereziki, gure kontzientzia kolektiboan leku berezi bezain iluna duten espetxeak. Hamarkada desberdinetan zehar milaka izan dira Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialaren alde lan egiteagatik espetxeratutako euskal militante politikoak. Hauek guztiak, Euskal Herriaren eta Frantziar zein Espainar estatuen arteko gatazka politikoan agente aktibo izatearen ondorioz atxilotu eta espetxeratutako militanteak dira.

Izan ere, herri honek bizi duen gatazka politikoak soilik azaldu dezake euskal preso politikoen existentzia. Horregatik auziaren konponbiderako bidean, gatazkaren muinetara begiratu eta hauei aterabide bat eskaintzea eskatzen digu; Zerk bultzatu ditu milaka euskal herritar Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialaren alde konpromezu kolektibo bat hartzera? Zerk bultzatu ditu estatuak komunitate oso baten aurkako estrategia errepresibo bat garatzera? Finean, zer dela eta ukatzen zaio Euskal Herriari bere autodeteminazio eskubidea eta horren gauzapenerako prozesua kriminalizatua eta jazartua da?

Alegia, gatazkaren ondorioen konponbideaz mintzo garenean bi planotako prozesu batetaz ari gara. Alde batetik, gatazka politikoan agente aktiboa izatearen ondorioz espetxeratutako militanteen kaleratzeaz eta iheslari zein deportatuen Euskal Herriratzeaz ari gara. Hau da, bakea eta elkarbizitzarako bermeak ezartzeaz, non mendekuan oianrritutako espetxe politikarekin bukatu eta alde guztien sufrimenduaren arintze baterako baldintzak ezartzen diren. Bestetik, gatazkaren muinetara begiratu eta hauen konponbiderako urratsak ematea. Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea eta hau gauzatzeko bidea abiarazteaz.

Jakina, estatuen gatazkaren konponbiderako borondate ezak, euskal preso politikoen etxeratzerako bide desberdinak arakatzea eskatzen digu. Azken urteetan, bide hauetatik tiraka aurrera pauso nabarmenak lortu ditugu. Blokeo egoera hautsi eta dispertsio politikaren bukaera bizi dugu. Euskal gizartean sakoneko zauriak sortutako mendeku politika eraisten ari gara, egiazko bakean eta elkarbizitzan oinarrituta egongo den etorkizuna eraikitzen.

Bide honetan gazteok funtzezko paper bat betetzen dugu. Gure belaunaldia da hirurogei urteetan lehena gatazka armatuaren elementurik gabe, kontzientzia politiko zein pertsonala garatu duena, sozializatu duena eta militatzen hasi dena. Horregaitik, argi daukagu gure belaunaldia izan nahi eta behar duela gatazka armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia.

Eta horretarako lanean gabiltza, izan ere, gazteon artean zabalduta dagoen ideia da euskal presoen etxeratzearena. Hori horrela, orain arte egin bezala, sektore zabalekin elkarlanean jarraitzeko eta geroz eta gazte gehiago euskal presoen etxeratzean paper aktibo bat betetzeko konpromezua adierazten dugu. Bihen bitartean, gutunak eta bisitak, elkartasunez, konpromezuz, maitasunez eta askatasun grinaz betetzen jarraitzeko konpromezua dugu. Gazteok zuekin gaude eta azken preso, iheslari eta deportatu politikoa etxean eta aske egon arte lanean jarraituko dugu. Benetako bakean eta elkarbizitzan oinarrituta egongo den Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzen.

 

Euskal Preso, Iheslari eta Deportatu politikoak etxera!

Gazteok zuekin!

Gora EPPK!