Zuen turismoa, gazteon miseria

Gaur hasita eta ostirala bitarte, Donostian Turismoaren Mundu Erakundeko Goi Bilera burutuko da. 35 herrialdetako 300 bat gorbatadun bilduko dituen ekimenak Donostia eta Euskal Herria nazioarteko eskaparateko lehen lerroan kokatuko omen du, turismo gehiago erakarriz eta aberastasuna sortuz. Maiatzeko azken egunetan sartuak gara eta Euskal Herriko zenbait herri eta hiriburutan jada turismoak kaleak hartu ditu bete-betean. Izozkiak, argazki kamarak eta bisitari talde andanak dira geure kaleak hurrengo hilabeteetan masiboki ezaugarrituko eta okupatuko dituzten elementuak. Euskal Herria modan omen dago.
Gaztelugatxeko turista-ilara amaigabeetatik hasi, Bilboko Rugby partidak eta MTVrentzako alfonbra gorriarekin jarraitu; Zumaia eta Zarautz, San Sebastian Region eta Pasaiako Itsas Festibala, Goierri Valley, Larrun 2020 eta Hendaiako, Donibane Lohitzuneko eta Biarritzeko hondartzetan bukatu. Euskal Herriko kostak urtero lehenago iristen den eta geroz eta masiboagao den olatuari aurre egin beharko dio. Euskal Herria modan omen dago; Euskal Herria salgai dago.
Azken urteotan jasaten ari garen turistifikazio prozesuak elite politiko eta ekonomikoen mesedetara eraikitzen ari den herri-eredua ezaugarritzen du bete-betean. Prekarietate geroz eta basatiagoa ezkutatzen duten zerbitzuetan inbertituz, kapitalaren zirkulazio soila oinarri duen jarduera ekonomikoa sustatzen ari da. Beneteako aberastasuna sortzeko eta horren birbanaketan inbertitzeko izan ordez, herritarron – eta zer esanik ez gazteon – lana baliatuz, multinazionalen eta bertoko elite-ekonomikoaren poltsikoak betetzeko apustu eta estrategia oso bati buruz hitz egiten ari gara beraz. “Basque Country” markaren atzean gutxi batzuen mesederako negozioa besterik ez dago. Eta aste honetan Donostian burutzen ari den kongresuak logika horri erantzuten dio, Bilbotik Biarritzerako eremua ez ezik, Euskal Herri osoaren errealitatea blaitzen eta baldintzatzen duen turistifikazio-estrategia berretsi eta zuritzea du helburu.
Turistifikazio prozesuak etekinak omen dakarzkigu herritar orori, aberastasuna sortzen omen du. Gazteok ordea, badakigu turistifikazio prozesuaz hitz egitea prekarizazio prozesuaz hitz egitea dela. Bi prozesuok estrategia beraren parte direla. Gazteok soberan ezagutzen dugu errealitate hori, guk pairatzen baitugu, emakume eta etorkinekin batera, prekarizaziorik agerikoena, bortitzena. Izozki eta pintxo barren atzean gaude gu; kontraturik gabe, pare bat hilabetetarako lanetan, ordu extrak kobratu gabe, beltzean kobratzen… Gazte garaietan “ohikoa” eta ia onargarritzat jozten den prekarietatea betikotzen ari da, gizarte osora eta geure bizitzen aspektu guztietara hedatuz.
Prekarietatea ez baita lan-baldintzetara mugatzen. Prekarietatea bizi-proiektuak aurrera eramateko ezintasuna da. Emantzipatzea luxu bat bilakatu da gazteontzat; beste batzuentzat ordea, espekulaziorako eta aberasteko aukera perfektua da. Alkilerren prezioen igoera, pisu turistikoak, eraikitze bidean dauden hotelen zerrenda amaigabea, bigarren etxebizitzen inbasioa… Gazteok geure auzo eta herrietatik kanporatuak izaten ari gara, gurasoen etxean gotortuta geratzea aukera bakarra ez denean.
Horixe baita ondorio horien guztien erroan dagoena: herri-eredu jakin bat, salgai dagoen Euskal Herria. Merkatua eta interes pribatuak lehenesten dituen ereduaren aurrean, bizitzaren aldeko apustua egiten dugu gazteok. Donostian aste honetan egiten ari den moduan, kapitalaren aurrean herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen Euskal Herria saretzen eta eraikitzen dihardugu gazteok geure eguneroko lanean. Gure bizitzetako esparru guztietan sistema kapitalista-heteropatriarkalari arrakalak sortuz, bestelako logiketan oinarritutako proiektuak eta ekimenak martxan jarriz. Ilun aurkezten diguten etorkizunari alternatibak gainjarriz. Prekario, asaldatu eta geldi nahi gaituen eredu honek balio ez digulako, Negozioaren Euskal Herriari Euskal Herri Bizi batekin erantzungo diogu.
Gazteon oraina borrokan da!