Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas

Zipaioak, ustelen zaindari eta boteredunen zerbitzari

Urriaren 15ean abiatu zen Iñigo Cabacas Linzerazuren, Ertzaintzak 2012ko apirilean Bilbon eraildako gaztearen, kasua argitzeko epaiketa. Sei urte luzez, Eusko Jaurlaritza eta EAEko instituzio ezberdinen blokeoa gaindituta, iritsi da epaiketa. Bide luzea izan da Fina eta Manurentzat, senideentzat, lagunentzat eta orokorrean inpunitate polizialaren aurka agertu den ororentzat; Cabacasen hilketa ez zelako istripu bat izan. Horren adibide da Ertzaintza eta honen baitako botereak saldu nahi izan duen diskurtsoa eta egia argitara ateratzeko edozein froga ezkutatzeko egin duten saiakera. GARA egunkariak argitaratutako informazioak, abokatuen lan nekaezinak eta gizartearen gehiengoaren haserreak ekarri gaitu honaino.

1995ean hil zen Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten erruz. 2012an Iñigo Cabacas. Bortizkeria eta inpunitate polizialaren irudiak ohikoak dira gure Herrian, baita gazteon memorian ere. Kukutza edota Kortxoenearen desalojoak, ikasle grebetako kargak, kontrolak, etxe kaleratzeak… Ertzaintzaren aurpegi bortitza eta zapaltzailea islatzen duten adibideen zerrenda amaigabea da. Urte luzez, Ertzaintzak errepresio izugarria eragin du Euskal Herriarengan, eta indar bereziarekin Euskal Gazteriarengan. Ohiko inpunitatetik haratago, jarrera harroputz eta handinahiak definitzen du Ertzaintza. Eusko Jaurlaritzak, gazteoi eskaintzen digun lanpostu izarrari laborategiko ikerlari mozorroa jartzen badio ere, Ertzaintzaren ohiko funtzioa darama esentzian: guztiaren gainetik, boteredunen interesak babestu eta defendatzea.

Jauntxoen txakurrak dira ertzainak, boterearen zipaioak. “¡Entren con todo!” oihuaren atzean hautu eta erabaki politikoak egon ziren bezala, prozesuak berak erakutsi digu Cabacas erail zuten egun hartan, istiluak eragin eta errepresioan sakontzeko egindako ariketa. Egin dezakete nahi duten bestetan zaunka, guk argi baitugu nork hil zuen Iñigo Cabacas. Epaiketak epaiketa eta lekukoz mozorrotutako errudunen gainetik, Herri honek sententziatuta dauka auzi hau: Ertzaintzak hil zuen Iñigo Cabacas. Zipaioek hil zuten Iñigo Cabacas.

Zuek hil zentuen Iñigo Cabacas!

JUSTIZIA IÑIGORENTZAT!