Zonifikazioarekin amaitu

Euskararen Foru Legea 1986an onartu zen Nafarroako Parlamentuan PSN eta UPNren bozkei esker. Legearen helburua garbia da: lurraldea hiru eremutan banatu eta nafarron hizkuntza-eskubideen urraketa sistematiko bat martxan jartzea, euskararen presentzia gure eguneroko bizi-esparruetan ahalik eta gehien mugatuz.
Urte gehiegi dira Nafarroa osoan euskara bermatzen ez dela. Frankismo garaiko debekutik hasi, eta 1986an hainbat alderdik “Ley Del Vancuence” onartu zuten arte. 35 urte nafarron hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa ematen dela, lege baztertzaile baten ondorioz. Ordutik hona, euskararen kontrako hamaika eraso bizitzen ditugu nafarrok egunerokoan, instituzio zein administrazioaren aldetik bereziki. Nafarroako Unibertsitate Publikoan bizi den egoera eskubide urraketaren adibide garbia da. Eremu mistoan kokatu arren, non euskara koofiziala den, euskaraz egiten den eskaintza urria da eta unibertsiteak ez du bermatzen ikasleok euren ikasketa prozesu guztia euskaraz burutu ahal izatea, legez eskubide berdinak ditugula aitortzen bada ere. Nahiz eta dagoen eskaria altua izan, ezikusiarena egiten du errektoretzak, erregimenaren oinordeko dena. Eremu erdalduna delakoan egoera guztiz jasangaitza da bertan bizi garen euskaldunendako. Hezkuntza sare publikoan ezin euskaraz ikasi, administrazioarekiko lotura oro gaztelaniaz egin behar (eremu mistoan ere antzeko egoera bizi da), eta euskarekin lotutako edozein egitasmo aurrera eramateko zailtasun nabariak bizi ditugu bertako euskaldun zein euskaltzaleek.
Administrazioan ematen diren eskubide urraketaz gain, ezin ahaztu, nafarroako sektore eskuindarrek, UPN-Navarra Suma barne, bultzatzen duen euskarafobia. Azken asteetan, Eitb3 herrialde osoan ikusi ahal izango genuelaren baieztapenaren bueltan, eskuineko eta ultraeskuineko sektoreen artean sortutako zalaparta eta iskanbila honen adierazle da. Marrazki bizidunek duten gaitasun ideologizatzailea jarri zuten mahaigainean, euskararen baina baita Euskal Herriaren eraikuntzaren alde dabilen oro jomugan jarriz eta seinalatuz. UPNren gorroto diskurtsoak eta euskararekiko negazioak zein PSNren konplizitateak, euskara zokoratzeko eta hortaz, euskal hiztun zein euskaltzale guztiak bazterrera eramateko saiakera argia da.
Nafarroa hiru eremutan banatu izana ez zen kasualitate hutsa izan. Herri bezala ukatu nahi gaituzten horiek bultzatu zuten lege hau, haiek sortutako errealitate soziolinguistikoak aitzaki, nafar gisa gure eskubideak ukatuz, eta Herriarekiko lotura apaltzeko saiakera bat eginez. Hau, Nafarroan euskarak jasaten duen zapalkuntzatik baino ezin da ulertu. Euskal Herria da gure nazioa, euskaratik eraikiko duguna. Prozesu honetan, burujabetzak lehiatzea eta irabaztea ezinbestekoa izango zaigu, botere kuotak eskuratuz eta Nafarroa aske, euskaldun eta ezkertiar baten alde borrokatuz. Euskal estatua eraikitzera bidean, euskarak behar duen erdigunea hartu behar du, nekez biziraungo baitu euskarak estatu propiorik gabe. Eta hau balio eraldatzaileekin lotzea ezinbestekoa da, etorkizuneko Euskal Herri independiente, sozialista eta feminista euskaraz eraikiko dugulako. Argi dugu ez dugula lege baztertzailerik onartuko, eta honen indargabetzea exigitzen dugu.
Gazteok euskaraz bizi nahi dugu! Zonifikazioarekin amaitu orain!