Zer da memoria borrokatzea ez bada?

Borroka egin duen belaunaldi bakoitzaren memoria, borroka gehiago eginez idatziko dugu.

Gudari Eguna dugu irailaren 27a, Euskal Herriaren askatasunaren alde matxinatutako ehunka militante oroitzen diren eguna. Dataren sinbolismoa 1975eko irailaren 27an dago, espainiar diktadura frankistak Juan Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi Etxeberria “Otaegi” ETAko militanteak fusilatu zituen egunean. Haiekin batera, FRAP-eko Humbertso Baena, José Luis Sanchez Bravo eta Ramón García Sanz militante antifranskitak erail zituzten.

1936ra arte luzatu behar dugu begirada, hala ere. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokalariak milaka izan direlako herri honetan. Kantauriko hegian herri bat izan dela eta dagoela aldarrikatu eta bizitza galdu arteko borrokan konprometitu diren ehunka militanteren izenak iltzatuta daude gure burmuinetan.Euskal Herriko zeruan izar gorriak dira guzti hauek, inoiz itzaliko ez direnak.

2019. urtean, guzti hauek aitortzeko parada dugu. Borroka ziklo anitz bizi izan dituen herria da gurea, eta gazteoi dagokigu hauen guztien inguruko irakurketa, transmisioa eta ondarea babestea. Euskal gazteriak urte luzeetako borrokaren uzta bere eginez hartu du inposaketaren gaineko aitzindaritza. Memoria desitxuratu eta errelato faltsu bat inposatu nahi digute, gatazka politikoa ukatu eta honen ondorioak lantzeko borondaterik ez dago. Amnesiara kondenatu nahi gaituzte eta guk argi diogu: bururaino emango dugu iraganaren inguruko memoria kolektiboaren eraikuntza. Orain eta hemen egitera goaz.

Esparru ezberdinetan aurkitzen ditugu euskal erresistentziaren memoria biziarazteko ahaleginak. Hamaika paretetan margoturik ikusi ditugun aurpegiak, aitortza instituzionalak, memoria elkarte eta ondarea babesteko plataformak. Gazteok guzti hauek balorean jarri eta jasotakoaren eroale izateko konpromisoa hartzen dugu. Oroimenez beteriko oraina dugu banderatzat.

Borroka egingo dugu. Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren proiektu emantzipatzailean lehenak ez garen bezala, azkenak izango ez garelako. Borroka egin duen belaunaldi bakoitzaren memoria, borroka gehiago eginez idatziko dugu. Euskaratik eta euskaraz, dakienak erabiliz eta ez dakienari irakatsiz. Zazpi lurraldeetan zehar, muga antzuak gainditu eta herri bezala antolatuz. Nortasuna aldarrikatuz, inposatzen zaigun naziotasunari bizkarra emanez. Bozkatuz. Lehiatuz. Hautsiz. Ikastetxez ikastetxe, kalez kale. Gure ikurrekin, kantu eta bertsoekin. Prekarietatearen aurka, lantokietatik aitortu gabeko enplegu izkutuetara. Langile borroka antolatuz eta hiltzen duten langile bakoitzaren omenez. Bideak itxi eta irekiz. Greba egingo dugu, feminista izango da eta autodefentsa praktikatuko dugu, heteropatriarkatua deseraikitzeko. Topa egingo dugu, krabelin gorri bakoitza eta urtzen den barrote bakoitzeko. Gozatu egingo dugu, borrokak gozatu gaitzan gozatuko dugu. Hau baita gure omenaldirik onena: Euskal Herri askea hemen eta orain eraikitzea. Behetik eta ezkerretik. Egunero.

Borrokak merezi du, eta memoria ere horrela idatziko dugu. Euskal Herriaren askatasuna eta Euskal Herri Langilearen emantzipazioa txanpona airera jaurtiz ebatziko ditugu. Merezi dugun memoria borrokan idatziko dugu.

Gora Euskal Herria askatuta!
Gora eusko gudariak!
Gora euskal gazteria!