Zauriak borrokan itxi

Otsailaren 13an ere, memoria borrokan idatzi beharra dago

Memoria borrokan idatzi beharra dago; izan ere, Euskal Herrian bizitzako eskubide urraketarik gordinenak gazteoi inposatzen zaigun errelato bakar eta zapaltzaileak ezkutatzen ditu. Torturari buruz ari gara gaurkoan, Herri honetako milaka eta milaka militante politikok pairatutako torturaz. Urte luzez, komisaldegietako gela ilunetan, korbatadunen aginduz kolore guztietako poliziek garatutako praktikez ari gara, torturaz.

Torturaren praktika ez da azken urteetako kontu bat, entzutetsua izan da azken asteetan ‘Billy el NiƱo’ torturatzaile frankistaren historial ankerra ezkutuan eta ixilpean mantentzeko espainiar Gobernua hartzen ari den jarrera. Euskal Herrian ere, kostata iritsi dira tortura kasuak aztertzeko saiakerak. Konplizeez ari garenean, tortura planifikatu eta disidentzia politikoarekin bukatzeko estrategia agindu dutenez ari baikara: PP, PSOE eta PNV. Hori horrela, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala izan dira, urte luzez, praktika hau sistematikoki garatu dutenak eta jakina da hori euskal gizartean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak tortura kasuak argitzeko aurrera eramandako ikerketaren arabera, Ertzaintzari ere hainbat kasu egozten zaizkio.

Ikerketarik egin gabe ere bagenekien arren, tortura kolore guztietako indar polizialek garatutako praktika izan dela baieztatu dezakegu. EAEn, gutxienez, 4.113 tortura kasu baieztatu dira 1960 eta 2014 urteen artean, Guardia Zibilak 1.792, Polizia Nazionalak 1.785 eta Ertzaintzak 336 aldiz erabili izan duela frogatuta gelditu da. Nafarroari dagokionez, oraindik ere Gobernuak ez du herrialdean gertatutako tortura kasuak argitzeko prozedurarik martxan jarri, horregatik, egia argitara ateratzen jarraitu eta urte luzez odolez zipriztindutako bulegoetan ezkutatutako informazioa exijitzen jarraituko dugu. Gainera, psikologikoki zein fisikoki torturak izandako eraginak azaleratzearen aldeko apustua egiten dugu, eremu honetako profesionalek aurrera eramandako azterketak balorean jarri eta zilegiztatuz, Estambul protokoloa kasu.

Torturaren erruz milaka izan dira akusazio faltsuetan oinarritutako kondenak. Torturaren ondorioekin bizitzea bera nahikoa ez eta hamarkadak espetxean igaro dituzte milaka eta milaka euskal militantek. Gaur egun ere, badira hamarnaka preso politiko torturen bidez onartzera behartutako akusazioen ondorioz espetxean direnak. Salaketak aintzat hartu eta espetxeratutakoen berehalako askatasuna exijitu nahi dugu.

Memoria borrokan idatziko dugun bezala, torturaren zauriak ere borrokarekin sendatuko ditugu. Gazteok ez dugu modu ofizialean kontatzen zaigun errelatoa irentsiko, otsailaren 13an bezala egunero, egia osoa aldarrikatu eta Euskal Herria zein militante politikoen aurka garatutako praktika basatia salatuko ditugu.