Zaldibar argituz, herria defendatu

Jaurlaritza antzezten ari den "normalitatearekin" hausteko errepide mozketa

Eibar eta Ermuako herriak lotzen dituen biribilgunean kateatu eta ordubetez trafikoa gelditu dugu Ernaiko kideok. Eusko Jaurlaritza Zaldibarko hondamendia ezkutatzen ari da eta “normalatasuna” nagusitzen dabilen honetan, egoeraren larritasuna mahaigaineratu nahi izan dugu.

Zaldibarko zabortegiaren luiziak eta honen kudeaketa lotsagarriak euskal gizartearen haserrea piztu du, joan den asteko mobilizazio herritarretan ikusi zen bezala. Gazteok mobilizazio horietan parte hartzen jarraituko dugu. Guk ere ozen diogu: langileak, osasuna eta erantzukizunak!

Prekarietatea, irregulartasunak zabortegiaren kudeaketan, hondakinen kudeaketarako eredu pribatua, arrisku ekologikoak, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa negargarria… Hauek dira Zaldibarko luiziak agerian utzi dituen Euskal Oasiaren ezaugarriak. Guzti honi kiratsa dario. Guzti honek erantzuleak ditu, baita erantzule politikoak ere. PNVk urte luzez bultzatutako eredu sozioekonomiko dago Euskal Oasi ustelaren atzean.

Gazteok ere mobilizatzen jarraituko dugu; langileon, naturaren eta bizitza duinaren alde, zein PNVren eredu ustelaren aurka. Zaldibar argituz, herria defendatu!