Venezuelako herri burujabearen defentsan eta kolpisten aurka, euskal gazteria kalera

Inperialismoaren gorakada gogorra izaten ari da, elkartasun internazionalistak ere tamainakoa behar du izan

Gogor salatu nahi ditugu Venezuelako herrian eman diren gertakariak. Euskal gazteok larritasunez begiratzen diogu Hego Amerikako herrialdeari; izan ere, oposizioa edozer egiteko prest dagoela uste dugu. Inbasio militar bat probokatzea barne.

Oposizio kolpistak luze darama venezuelarrek demokratikoki hautatutako gobernua ezegonkortzeko ahaleginak eta bi egiten. Nicolas Maduro presidentea kargugabetu nahi dute, horrek iraultza bolibartarrarekin bukatuko duelakoan. Jai dute. Nahiz eta interes yanki eta oligarken mesedetan aritzen diren baliabide guztiak erabili (diplomatikoak, ekonomikoak, politikoak, militarrak) ez dituzte haien helburuak lortuko. Gerra zibilera bultzatu nahi dute herrialdea, inperialismoari ateak parez pare irekiko dizkion ezenatokia lortu asmoz.

Inperialismoaren gorakada gogorra izaten ari da, elkartasun internazionalistak ere tamainakoa behar du izan. Horregatik, dei egiten diogu Euskal Gazteriari printzipio demokratikoetan oinarritutako gobernua babestu eta larunbat honetan, maiatzaren 4an 18:00etan, Bilboko Elpiktikatik aterako den mobilizazioan parte hartzera.

Azkenik, Ernai Gazte Antolakundeak Venezuelako gazteria borrokalariarekin harremanak estutzen jarraituko du; eta horretan dabil. Bide honetan, iraultza bolibartarrak zehaztutako norabidean arraun egiteko konpromisoan berresten gara.

Euskal Gazteria Venezuelarekin!

Gora Iraultza Bolibartarra!

Pa’lante Venezuela!