Utzi bakean Euskal Herria

Espainiar faxismoarekin hautsi

Duela aste pare bat, Euskal Herriko kaleak hartu genituen milaka gaztek Altsasuko gazteen askatasuna exijitu eta espainiar faxismoarekin haustearen beharra azpimarratzeko. Espainiar faxismoa bera da, joan den astean La Manadako bortxatzaileak aske utzi zituena eta gaurkoan, Gasteizko EHUren campuseko hiru ikasle-gela miatu eta hainbat gazte atxilotu dituena.

Ernai gazte antolakundeak irmoki salatu nahi ditu gaurko miaketa eta atxiloketak. Atzemandako gazteen senide eta lagunei gure elkartasuna adierazi eta hauen berehalako askatasuna exijitzen dugu.

Gerra estrategian sakondu eta gatazka betikotu nahi du Espainiar estatuak, bake eta errelato faltsua inposatu nahi du. Botere judiziala eta indar okupatzaileak, bidelagunak dira Euskal Herriaren aurkako errepresioan eta gaurkoa bezalako operazioak guzti horren adierazgarri. Guzti honengatik ozen diogu: Aski da! Onartezina da euskal gazteriak Espainiar faxismoa modu bidegabean pairatzen jarraitzea!

Espainiar estatuak, edozein aurpegi zein gobernu aldaketaren gainetik, ez du inposizioa, autoritarismoa eta errepresioa ez den beste hizkuntzarik ezagutzen. Guardia Zibila eta gainontzeko indar okupatzaileak salbuespeneko espainiar auzitegi faxisten bidez bakea eta askatasuna oztopatzen duten indar errepresiboak dira. Errepresioa gazteok lehen lerroan pairatzen dugu, atzo eta gaur.

Berriro diogu: Guardia Zibilak eta gainontzeko indar okupatzaileak Euskal Herritik kanpora joan behar dira. Egiazko bake eta askatasuna erdiesteko, kanpora bidali behar ditugu. Alde hemendik, utzi bakean!

Espainiar faxismoarekin hautsi behar dugu. Guardia Zibilarekin eta Audientzia Nazionalarekin ez ezik, estatu egitura zapaltzaile guztiekin. Gaur eta hemen, indenpendentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldekotasunak inoiz baino garrantzia handiagoa dauka.

Dei egiten diogu euskal gazteriari erasoen aurrean kalean tinko mantentzera, bake eta errelato faltsua ez onartzera; baina batez ere, espainiar faxismoarekin haustea ahalbidetuko digun burujabetza prozesua borrokatzera.

Espainiar faxismoarekin hautsi!

Alde hemendik, utzi bakean!