Utzi bakean Altsasu, utzi bakean Euskal Herria

Espainiar faxismoarekin hautsi

Beste behin ere frankismoaren oinordekoak eta oligarkia ekonomikoen ordezkariak españolismo faxistaren erakustaldi bat egitera datoz gure herrira azaroaren 4an. Oraingoan Altsasu izan dute jomuga, herriaren sinbolismoa eta Altsasuko herriak azken urteetan jasan duen kriminalizazioa aintzat harturik.

Espainiar eskuin españolistaren batasun irudi horren atzean bada, munduan zehar gertatzen ari den bezala, ultraeskuinaren hedapen aldi eta faxismoaren gorakada. Hedapen aldi hau kapitalismo basatienaren defendatzaileen arteko eta indar faxista eta atzerakoien sinbiosian soilik ulertu daiteke.

Espainiar botere faktikoek españolismoaren oinarripean txandakatzen zen bipartidismo baten aldeko apustua egin dute urte luzez. Nazio askapen mugimenduen zein mundu mailako kapitalismoaren garapenak bultzatua Espainiar estatua berregituraketa fasean sartu da. Egoera horren argitan, indar politikoen mapa aldatuz joan da, horrekin batera espainiar mugimendu nazionala ere berregituratzen ari delarik.

Altsasun proiektatu nahi duten batasun irudi honen atzean modu berean beraz lidergotza lehia bat dago, espainiar mugimendu nazionala eta 78ko erregimenaren berregokitzapena nork zuzenduko duen zehazteko. Erasoaldi hau, beraz, ez da zeozer isolatua. Estrategia hau egun Nafarroan garatzen hasia den eraldaketa sozial eta politikoa eta honek sortutako paradigma berria irauli eta kolpatzera dator. Nafarroaren eta Euskal Herriaren burujabetza politikoa ukatu eta zapaltzea helburu daukan españolismo kolonialistaren oldarraldi basatiaren ikur bilakatu nahi dute Altsasu.

Faxista, atzerakoi eta liberalei kontrajartzen zaion Herri bizia dugu Altsasu, ordea. Inposizioari aurre eginez bere etorkizunaren jabe izan nahi duen Herria gara. Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitze bidean borroka hau egunerokotasunean kaleetan, instituzioetan zein bereganatu nahi dituzten espazio orotan ematearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Espainiar faxismoarekin hautsi!

Utzi bakean Altsasu!

Utzi bakean Euskal Herria!