Turkiar bonbaketen aurrean Kurdistanekin elkartasuna

Mobilizazioa urriaren 11an Bilboko Arriaga plazan

Aste honetan Erdoganek, Turkiako presidenteak, Rojava (hegoaldeko Kurdistan) militarki okupatzeko prest dagoela iragarri zuen. Mehatxu honen aurrean, DAESHen aurkako borrokan milizia kurduek berreskuratutako lurrak defendatuko dituztela adierazi zuten. Bien bitartean, AEBk milizia kurduekin zuen tratua bertan behera utzi du eta argi berdea eman diote estatu turkiar faxistari Rojavan sartu eta bertako zati bat militarki okupatzeko.

Atzo gaualdean jakin genuenez, aurreikusi zitekeen eran, aireko erasoekin hasi zen Turkiako armada Turkiaren eta Siriako Kurdistanen arteko mugan dauden hiru hiritan. Siriako Indar Demokratikoa (SDF) miliziaren baseak eta arma biltegiak bonbardatuz, erasoaren helburua SDFren erantzuteko gaitasuna murriztea izan da.

Eraso hauen aurrean, Europan sakabanatuta dagoen diaspora kurduak borrokarako deia egin du Kobaneko izpiritua berreskuratu dezagun, estatu turkiar faxista garaitu eta Rojavan bizitza erdigunean jartzen duen iraultza bermatu dadin. Deialdiari erantzunez, Kurdistanekin Elkartasun Ekimenak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, urriak 11, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ernaik dei egiten dio euskal gazteriari elkarretaratze honetan parte hartuz, eta egon daitezkeen gainontzeko mobilizazioetara ere bertaratuz, Kurdistango herriari elkartasuna adieraztera.

Guzti honengatik, Euskal Herritik besarkada internazionalista helarazi nahi diogu Kurdistan askea eraikitzen dabilen herri kurduari. Konfederalismo Demokratikoa lanabes, Feminismoan, ekologismoan eta klase gabeko komunitatean oinarritutako Kurdistan askea eraiki dezaten.