Transmaribibollook autodefentsaz armatuta gaude

Azken asteotan transamaribibolloon kontrako hainbat erasoren berri izan dugu; Zornotzan izan den eraso homofoboa edota Bilbon eman diren gutxienez 8 erailketa, besteak beste. Izan ere, pandemiatik aterata hamaika izan dira kolektiboaren kontra eman diren erasoaldiak eta datuek argi erakusten dute gorroto delituek gero eta hazkunde nabarmenagoa dutela Euskal Herrian. Horiek ez dira kasu isolatuak, zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkal kapitalistaren espresio gordinena baizik.
Arazoa estrukturala da eta argi dugu zein den erasoaldi hauen oinarria. Esan bezala, jasaten ditugun eraso guztien erroa sistema zisheteropatriarkal kapitalista da. Gure bizitzen alderdi guztiak arautu eta gune guztietatik hedatzen dena. Plazera arautu, identitateak ezabatu eta normatik ateratzen den oro zigortu egiten du. Horrek dirauen bitartean. genero eta sexu disidenteok biolentzia pairatzera kondenatuta gaude; eta gu nazkatuta gaude.
Ozen salatu nahi dugu Espainiako Estatuko instituzio, alderdi politiko eta botere faktikoek horretan guztian betetzen duten rola. Haien jarrera atzerakoi eta faxistaren bitartez biolentzia bera erreproduzitzen da; komunikabideek zabaldutako kolektiboaren itxurakeria eta kolektiboaren kontrako eraso jarraituen bidez, edo trans legea agendatik alde batera utziz, esaterako. Gorputz eta identitateak espetxeratu dizkigute, preso bihurtu gaituzte. Horregatik, euskal gazteok demokratizatu ezin den estatu espainiarraz haratago joan eta herri eta gorputz burujabetzak aldarrikatu behar ditugu. Gurea dena guk erabaki behar dugu.
Ildo beretik, nabarmenki hazten ari dira haien burua “ezkerrekotzat” dituzten eragileen erasoak. Euskal Herriko kaleetan agertutako “sexua ez da generoa” bezalako pintadak, TERF mugimenduak bereganatutako espazioak edo sistema zisheteropatriarkala ukatzen duten antolakundeak. Euskal Herriko mugimendu transmaribibolloak horren aurrean egindako lan guztiari aitortza berezia egin nahi diogu, hauek ere erregimen zisheternormatiboaren erasoak baitira.
Sistema zisheteropatriarkal kapitalista suntsitu arte borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi dugu. Inoiz baino beharrezkoa dugu gure artean saretu eta autodefentsaz armatzea. Harremanak egin, aliantzak sortu eta kaleak hartzea da gure helburua, gure eginbeharra. Hori dela eta, euskal gazteriari maiatzaren 17 honetan Euskal Herriko mugimendu transmaribibolloek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten diogu.
Bake faltsuaren aurrean, euskal gazte transmaribibollook autodefentsaz armatuta gaude!