“…ta segi aurrera!” liburuaren aurkezpenarekin eman diogu amaiera 40. urteurreneko dinamikari

Ezer baino lehen; Ernai eta Aitzinako militante guztion partez, jende askori eskerrak ematea tokatzen zaigu. Lehenik eta behin, milesker Txalapartari liburua publikatzeko emandako aukeragatik. Milesker Irati, Markel, Endika, Ana, Oihane eta Kattalin egin duzuen lan guztiagatik. Milesker Floreni ere eskainitako denbora guztiagatik. Milesker lekukotasunen bat idatzi duzuenoi. Eta milesker talde elkarrizketetan parte hartu duzuen guztioi. Liburu hau zerbait bada lan kolektiboa da eta zuetako bakoitzaren ekarpenik gabe ez zen posible izango.
Orain gutxi Markeli entzun genion liburuaren prozesua “ederra bezain zaila” izan dela. Eta hala izan da. Eta esan behar dugu, liburuarena ez ezik, 40 urte hauetako ibilbidea ere horrelakoa izan dela: ederra bezain zaila.
Ederra bizitzan izandako esperientzia politenetako bat delako bertatik igaro garen guztiontzat. Gazte antolakundeak egin gaituelako militante eta pertsona. Eta zaila, sakrifizio eta lan asko eskatzen duelako. Gure kasuan, gainera; atxiloketak, espetxeaeta tortura ezagutu behar izan ditugulako.
Gaur betetzen dira 40 urte Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik; eta 40 urteren ondoren hemen gaude, zutik eta bizirik. Hemen gaude, urteurren bat ospatzen baino urteurren batean borrokatzen. 40 urte eta gero hemen bagaude; besteak beste, belaunaldiz belaunaldi gure betiko balioak eta jokabideak; transmititu ditugulako da. Transmisioa eta memoria landuditugulako. Eta hori izan da hain zuzen ere “…eta segi aurrera!” liburuarekin eta “Bulkada Berrien Garaia Da” dinamikaren egin nahi izan duguna: Ezker Abertzaleko gazte antolakundeon memoria.
Gure memoria ezin du inork dekretu bidez zehaztu, egin egiten da. Eta soilik guri dagokigu horiegitea. Horregatik, egin izan dira “Gazte Matxinada” edo “Tximeletak” dokumentala bezalako egitasmoak. Eta horregatik, idatzi dugu guk gaur aurkeztutako liburua.
Gure memoriak egin egiten gaitu ez da robotak bagina legez buruz errepikatzen den jakintza hutsala.
Gure memoria ez da atzera begiratze soila, gaurko eta biharko lanabesa da: zer egin dugun ulertu eta etorkizunari begiratzeko lanabesa.
Gure memoria ez dute soilik hitzek/gertaerek egiten, bizipenetatik, poz eta sufrimenduetatik egiten da. Horregatik, dinamika honetan garrantzia handia eman diogu kide ohiekin egon eta militantetik militantera, pertsonatik pertsonara egindako transmisioari, eraikitako memoriari.
Gure bidea eta gure memoria eraiki dugu. Eta horregatik, egon gara beti jo puntuan. Mugimendu politikoa apurtzen saiatu dira. Eta pitzadurak sortu dituzten arren, hemen gaude. Gaur, hemen. Liburu bat aurkeztu dugu. Baina, Ezker Abertzaleko gazte antolakundeon historia ez da hemen amaitzen. Ezta memoriaren eraikuntza ere.
Liburu honek hainbat ondorio eta irakaspen utzi dizkigu egungo Gazte Antolakundeko kideoi:
- Batetik, orain 40 urte Jarrai sortu zutenek, (sortu zenutenek) asmatu zutela esan dezakegu. Asmatu zuten, gazte problematika eta askapen prozesua lotuz; horiek biak dira nolabait esatearren, gazte antolakundearen txanponaren bi aldeak. Gazte problematika eta askapen prozesua uztartuta, hamarkada hauetan borroka potentzial ikaragarria garatu da.
- Bigarrenik, feminismoa ezin aipatu gabe utzi: gazte antolakundearen ibilbidea morez margotzen joan gara, feminismoz blaitu dugu gazte borroka, eta horrekin batera baita gure bizitzak ere; independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan, feminismoa ezinbesteko baldintza eta bultzada gisa ulertu dugu, proiektu politikoaren lehen lerrora ekarriz. Eta hori egunerokoan eta gureenak diren espazioetatik egin behar dela ikasi dugu, ikasten ari gara. Honi esker, gero eta gehiago gara Ernai gure etxe eta babes-gunetzat daukagun militante feministak, eta iraultza feminista honetan lanean jarraituko dugunak.
- Bestetik, harrobi/eskola handiak izan dira gazte antolakundeak. Milaka gazte hazi eta hezi gara bertan, pertsona eta militante iraultzaileak izaten bertan ikasi dugu. Eta horri esker, milaka dira Gazte Antolakundean ekarpen handia egin dutenak, baina gazte zikloa amaitu ondoren, eta gazte antolakundean jasotako balioetatik, Euskal Herriaren eraikuntzan ekarpen handia egin duten pertsonak, esparru desberdinetan: herrigintzan, kulturgintzan, kazetaritzan, sindikalgintzan, kalean eta lantokietan, instituzioetan. Izan ere, Gazte Antolakundeak bizi osorako militanteak izateko grina eman digu.
- Azkenik, askapen prozesuan eta Ezker Abertzalean katebegi ezinbestekoa garela ulertu dugu. Mugimendu politik batean gazteria memoriaren transmisioaren eroale ezinbestekoa da. Horregatik egon da gazteria jo puntuan hainbestetan. Zorionez, kolpeak kolpe, aldaketak aldaketa eta testuinguruak testuinguru; eltzez eltze, belaunaldiz belaunaldi gure balioak transmititzeko gai izan gara gazteok: Euskal Herriarekiko maitasuna, zintzotasuna, konpromisoa, erantzukizuna, disziplina eta eskuzabaltasuna. Horiek guztiak eta gehiago dira 40 urte hauetan izan ditugun altxor handienak. Horiek guztiak gure egin ditugu. Eta horiek guztietatik egiten dugu borroka gaur egun ere.
Lehen esan bezala, gaur betetzen dira 40 urte Jarrairen jaiotzatik. Eta gaur eman nahi diogu amaiera 40 urteurrenaren dinamikari. Orain urte bete ETA erakundearen amaieraren biharamunetan jarri genuen martxan dinamika hau, ulertzen genuelako askapen prozesuan fase politiko baten amaiera sinbolikoaren biharamunetan geundela, baina bereziki fase berri baten ateetan.
Orduan ozen genion bulkada berrien garaia dela. Eta gaur harrotasunez esan dezakegu bulkada berri horiek hemen daudela, hemen gaudela: prekarietatearen aurkako gazte olatua altxatzeko lanetan, mugimendu feminista indartsua behetik gora hauspotzen, gazte kulturgintza berriez hausnartzen, gaztetxe eta ikastetxeetan lanean, eta Ezker Abertzalea berritu eta indartzen. Hemen gaude Euskal Herria independentziara, sozialismora eta feminismora eramango duen gazte belaunaldia.
40 urte eta gero askatasun bulkadak gara. 40 urte eta gero ez gara hasi ginen berdinak, baina hasi ginen berberak gara. Eltzez eltze, sortu eta birsortu gara. 40 urte… eta segi aurrera!