Siglen gainetik herri erantzuna gailendu dadin

Gaur goizean Guardia Zibilak Audientzia Nazionalaren aginduz gauzatu dituen atxiloketak gutxiesteko beharra azpimarratu nahi dugu. Izan ere, gertakari isolatu bat izatetik urrun atxiloketa eta miaketa hauek estrategia errepresibo baten katebegi berri bat baino ez dira izan.
Berriro ere, Espainiar estatuaren gerra estrategian euskal gazteria jo puntuan kokatu dute. Zehatzago, bake eta errelato faltsu baten inposiziorako ederki ongi ulertu baitu gazte gaztetatik erauzi behar zaiola egiari hitza. Eroritako burkideen errekonozimendua oztopatzea gatazka politikoa ukatzeko bideorri baten parte da. Hala erakutsi du estatuak azken urteetan, egunez egun errepresioaren zerrenda luzera gertakari berriak gehituz. Belen Gonzalezen agurren aurrean Sortuko militanteen atxiloketa, Judimendiko auzoko antzezlana eta jazarpena…. eta orain gertakari tamalgarri berri hau.
Ez dago Guardia Zibilarekin edota Audientzia Nazionalarekin elkarbizitza garatzerik. Haien funtsa Euskal Herria otzan mantentzea baino ez delako. Gerra egitera etorri zirenak alde egin behar dute, baina are garrantzitsuagoa dela deritzogu Espainiar estatuaren eskaintza errepresibo, autoritario eta faxistarekin haustea.
Haustura hori azkenengo bururaino gauzatuko duen prozesu bat irudikatu eta bultzatu ezean, salaketa eta elkartasun keinu oro antzua bilakatzen da. Indar okupatzaileek zein justizia frankistak ez dute jazarpen eskaintzan etsiko Espainiar estatuaren menpe gauden artean. Jazartzen duten gazte berri orok independentziaren aldeko garrasiari indarra ematen dio.
Gaurko lau gazteen aurkako jazarpenak, atzoko jazartuen zerrenda luzatzen du. Nahikoa dela diogu. Ezin dugu onartu bihar ere, berriro ere, gutako beste edozein Guardia Zibilaren edo justizia espaƱolaren biktima izatea Altsasuko gazteekin edota La Manadak bortxatutako gaztearekin gertatu bezala.
Errepresio gertakari orori konponbide integral baten mesedetan erantzutearen beharrean berresten gara. Izan ere, Espainiar estatuaren jokabide errepresiboak Euskal Herriko askapen prozesua oztopatzea du xede nagusia. Ezker Abertzaleak jazartuen herrietan era ezberdinetan mobilizatzera dei egin du; baita Gasteizen ere. Izan ere gure hirian Guardia Zibilak gazteetako bat atxilotu du. Horregatik ez dugu ulertzen egoera honen aurrean siglen arteko lehia lehenesten saiatzea.
Ondorioz, Ernaik Gasteizen 19:00etan deituta zuen mobilizazioa bertan behera uztea erabaki du. Dei egiten diogu Euskal Gazteriari errepresioaren aurrean mobilizatzen jarraitzea herri prozesua bururaino ermaten. Soilik horrela lortuko baitugu estatu faxista honen aurrean bizirik irautea!