Presorik gabeko Euskal HERRIAN, gazteok zuekin!

Irailaren 16an abiatuko da Madrilgo Audientzia Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako enegarren makroepaiketa, 11/13 makrosumarioa bezala ezagutzen dena. Euskal presoen eta hauen senideen sustengurako lana epaituko dute oraingoan. Tribunal arrotzetan ebatziko dute hamarnaka euskal herritarren etorkizuna, beste behin. Ezer baino lehen, gazteon elkartasun eta maitasun osoa epaituak izango diren kideei eta haien senide eta lagunei. Euskal gazteria zuekin dago!
2011ko urriaren 20an, ETA erakundeak bere jarduna behin betiko etengo zuela iragarrita, euskal gatazkaren ondorioen konponbidea azkartzeko milaka pertsonaren bultzada nabari zen. Itxaropena nagusi, herri dinamika anitzek, preso, iheslari eta deportatuen korapiloaren askatzea exijitu zuten. Urtarrileko Bilboko mobilizazio arrakastatsuek zein Herrira Mugimenduaren beraren gaitasun aktibatzaileak esperantza ekarri zuen gurera. Partido Popularraren gobernuak bazekien ordea, presoen auzia konponbidean jartzeak ez ziela onurarik ekarriko gatazka betikotu nahi zuten horiei. Horregatik, Ezker Abertzalearen estrategia oztopatu asmoz, irtenbiderako edozein aukera zapuzteko enkargua egin zion Guardia Zibilari.
2013ko irailean Herriraren aurkako operazio polizialak ematen dio hasiera espainiar mamorroaren muntaia oso bati. Erregimenaren komunikabideetan “Frente de cárceles de ETA” bezala irakurriko dugunak, Guardia Zibilaren lau sarekadetan atxilotutako 47 pertsona inplikatuko ditu. “Jaque”, “Mate” eta “Pastor” deitu ziren operazio polizialek Herrira, bitartekariak, abokatuak, Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak epaile aurrera eramateko estrategia judizialari bide eman diote. Hauek guztiak 11/13 makrosumarioaren baitan kokatzen dira egun.
2019an, ETAren behin betiko etenetik zortzi urte, 11/13 sumarioko lehen operazio polizialetik sei urte eta ETAren urtzetik urte eta erdi igaro diren honetan, ezer ez da berdin Euskal Herrian. Salbuespen legedia, dispertsioa, sakabanaketa eta espetxe politika kriminala ia 250 euskal militanteren eguneroko ogia diren arren, hauen kaleratzearen aldeko olatua geroz eta indartsuagoa ari da bilakatzen. Herri bultzadaren garrantzia azpimarratu nahiko genuke eta frantziar estatura begiratzea besterik ez dugu, EPPKren eta gizarte zibilaren ahaleginak sakabanaketa kamusteko lehen urratsak ekarri baititu. Hala ere, emakume presoen egoera ekarri nahiko genuke gogora, are bakartuago eta sakabanatuago aurkitzen baitira une honetan frantziar espetxeetan.
Espainiar estatuan ere ezer ez da berdin. Espetxe politikari dagokionez aldaketa nabaririk egon ez den arren, birkonfiguratzen ari den erregimena topatzen dugu parez pare. PSOEren ezintasunek eta Podemosen ahalegin hutsalek, hauteskundeen zirkulu zikoitzera kondenatzen dute estatua. 78ko erregimenaren oinarri berdinekin osatu nahi duten gobernuak ezintasun ugari agertzen ditu. “Café para todos” errepikatu beharrean aurkitzen da Ibex35a eta oligarkia osoa, pastelaren zatirik handiena nork eramango duen ebazten den bitartean. Gure kontura egin nahi dute gainera.
Apirilaren 28ko espainiar hauteskunde kanpainari erreparatzea besterik ez dugu, PP-C’s-Vox trifatxitoak Ezker Abertzalea eta herri honen kontura bozkak irabazteko ahalegina egin baitzuen. Ahalegindu zirela diogu, Ezker Independentismoaren emaitza historikoek eta haien jarrerak eragindako kontrako efektuak erakutsi baitute oker dabiltzala.
Udan ere saiatu izan dira, Oñati zein Hernaniko ongi etorri eta omenaldien kontura izua zabaldu nahi izan dute. Borrero eta ustezko kazetariz armatuta, besarkadak debekatu nahi izan dizkigute. Oker dabiltza uste baldin badute maite ditugunak txalotzeari utziko diogula. Are okerrago, uste baldin badute, Euskal Herria atzera begira dagoela. Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako makinaria errepresiboak zein Altsasuko gazteen aurkako zigorrak haserre izugarria eragin du euskal gizartean eta modu berezituan euskal gazteriarengan. Espainia eta bere legedia arrotzak dira guretzat eta 47 euskal herritarren aurkako makroepaiketa hau onargaitza da modu berdinean.
Injustiziaren aurka altxatzen garen gazteak gara eta ez gaude prest basakeria judizial hau onartzeko. Guztira, 601 urteko espetxe zigorra eta 117.600€ko isuna da presoen eta hauen senideen babes eta sustengu lanetan aritutako 47 kideren lepoan jarri nahi duten zama. 250 preso, ehunka iheslari eta deportatu eta hauen inguruaren zein Euskal Herriaren mina eta ezina nahikoa izango ez balira bezala.
Gazteok argi dugu, irailaren 16an Audientzia Nazionalean epaiketarik bada, espainiar eta frantziar espetxeetan presoak egoten jarraitzen dutelako dela. Gatazka armatuaren ondorioei konponbide integral bat emateko borondate falta nabaria egon da eta oraindik orain, Ezker Abertzalearen estrategia oztopatzeko tresnarik eraginkorrena presoen inguruko salbuespen egoera mantentzea da espainiarrentzat. Lehenago aipatu bezala, gatazkaz bizi eta gatazkak elikatzen dituen sektore erreakzionarioentzat goxokia da makroepaiketa hau.
Hau horrela izanik, zein da gazteon egitekoa 11/13 makroepaiketaren aurka?
- Presorik gabeko Euskal Herria dugu helburu gazteok, injustiziarik gabeko Euskal Herria, hain zuzen. Iraganeko zama inposatu nahi digute egia bakarraren erretiluarekin. Oker dabiltza. Hemen eta orain, gatazka konpontzeko konpromisoan berresten gara eta berau irtenbidean jartzeko herri bultzadan kokatzen dugu gure burua.
- Militante politiko bezala, espetxeraturik zein jada kalean ditugun burkideekiko elkartasuna, lotura eta maitasuna mantentzeko lan egin. Gutun bidez, bisitetan, senideei laguntza eskainita zein furgonetak garraiatzen,… Mila eta bat konpromiso hartzen ditugu eta hartzen jarraituko dugu, euskal gazteriaren berotasunak barrote guztiak urtu ditzan. Maite zaituztegu!
- Ehunka preso espetxera eraman zituzten arrazoiek batzen gaituztela ulerturik, independentzia, sozialsiamoa eta feminismoaren aldeko proiektu politikoa hauspotu behar dugu. Injustiziak gaindituz, Euskal Herri askea eguneroko lanean eraikitzea dagokigu, ez gaituzte haien intereseko katramilatzeetan harrapatuko. Atzera begira jarri nahi dute herri hau eta gazteoi dagokigu aurrera bidean pausuak ematea.
- Kaleak hartu behar ditugu. Irailaren 12rako antolatu ditugun ikasle eta gazte mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Modu berean, irailaren 14an Bilboko kaleak jendez lehertzeko deialdira batzen gara. Auziperatu guztien berehalako absoluzioa exijitzen dugu eta makroepaiketa honen aurka egiteko modurik eraginkorrena azken presoa kaleratzeko borroka biderkatzea dela ulertu.
Gazteok zuekin gaude eta ez zaituztegu sekula bakarrik utziko. Euskal presoak kalera!
Gora Euskal Herria askatuta!