Prekarietateari aurre egin eta bizitzak biziarazi

Mobilizazio andana antolatu dugu herri, eskualde eta nazio mailan

‘Euskal Herrian Bizi’ dinamikaren baitan, 2018-2019 ikasturteko azken ekimena egingo dugu osteguna, ostirala eta larunbatean. Prekarietatearen aurkako borroka indartu eta saretzeko helburua izango du ‘Bizitzak Biziarazi’ lema daraman mobilizazioak. Ekainaren 13 eta 14an herri eta eskualdeetan izango gara, tokian tokiko problematikari heldu eta erantzunez. Ekainaren 15ean, aldiz, bat egingo dugu Gasteizen mobilizazio egun nazionalean.

Bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu politiko, ekonomiko eta soziala helburu aurkeztu genuen Bizitzak gure neurrira proposamen politikoa. Honekin, gure bizitzaren esparru guztiak prekarizatzen dituen kapitalismo heteropatriarkari gazte aldarriz aurre egiteko neurri sorta mahaigaineratu dugu.

Batera ekiteko anbizioarekin, hainbat harreman egin ditugu ikasturtean zehar gazte eragile, sindikatu zein mugimendu sozial ezberdinekin. Borroka kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi dugu honekin, izan ere, egoera jasanezin hau iraultzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu mugimendu anitzen arteko aliantza.

GazteBira, otsailaren 16ko mobilizazio nazionala,… hilabeteetan bildutako borroka eta esperientziak elkartuko ditugu datozen egunetan, oraindik eta gehiago izan gaitezen. Dei egiten diogu euskal gazteriari prekarietatearen aurkako borrokara batu eta ekainaren 13, 14 eta 15erako antolatutako ekimenetan parte hartzera.

Arrazoiak eta aldarriak soberan ditugu. Badakigu inork ez diola bere pribilegioei onez onean uko egiten, eta are gutxiago ume moko batzuek hala eskatuta. Hauxe da dagoena izan behar bada agintzen duen axioma, aurrean aurkituko gaituzte. Kaleak hartuko ditugu beste behin eta konbentzituta gaude, Euskal Herrian Bizitzera goaz!

 

EKAINAK 13 ETA 14, HERRI ETA ESKUALDEAK

EKAINAK 15, GASTEIZ