Prekarietateari ateak itxi

Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute, bizirautera kondenatu. Eta enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da. Eta jakin badakigu hau ez dela trantsitorioa edota koiunturala. Prekarietateari ate guztiak lehenbailehen ixtea beharrezkoa da, berak irentsiko gaitu bestela. Askok pentsatuko dute egoera ez dela beldurtzeko adinakoa, baina bada. Gazteok larrialdi egoeran gaude.
Espainiar erregimena bere ohiko jarrera autoritarioan gogor mantentzen da, eskuinaren gorakada ikusten ari gara Europan eta datozen urteerako eskaintza berbera izango dela susma dezakegu: inboluzionista, antidemokratiko, antosizial, autoritario eta errepresioari bide ematen diona. Prekarietateak beraz, gazteon bizitza ezaugarritzen jarraituko du alor bakoitzean eta denetan.
Oraina Borrokatzeko Koordenadak dossierrean egoeraren analisi propioa egin ondoren, Gazte Biran abiatu genuen harreman sarea handitzen eta zabaltzen joan da. Euskal Herriko eragile, talde, norbanako… ezberdinekin egoeraren larritasuna elkarbanatu ostean, gure hipotesietan berresten gara: gure bizitzen alor guztietako prekarietatearekin amaitzea beharrezkoa da. Argi dugu baina, borroka kolektiboa dela. Ikasturtea hasi genuenetik gure harreman sarea handitzen joan bada ere, horretan jarraitzea funtsezkoa da.
Ildo ezberdinetatik bultza behar diogu prekarietatearen aurkako borrokari, eta denok bat eginez. Izan ere, zenbaitetan egoeraren aurrean bakarrik sentituagatik, guztiak gaude egoera antzekoan eta guztiok egin dezakegu zerbait egoera hobetzeko. Beraz, kolektiboki alarmak piztu eta prekarietateari ateak ixtea dagokigu. Euskal Herrian bizi ahal izateko ezinbestekoa izango baita hori.
Herri eta auzoetako lana ezinbestekoa izango da prekarietateari ate guztiak ixteko. Eremu lokaletako problematikak landu, elkarren egoerak elkarbanatu, bide berriak ireki⦠Eta ateak itxiko dizkiogu gure bizitzak zeharkatzen dituen prekarietateari, bai eta gure herri zein auzoetan prekarietatea sustatu eta sostengatzen duten erantzule nagusiei.
Gazteok non gauden galdetzen dute askok azken boladan. Bada gazteok lanean gabiltza auzo eta herrietan eta otsailaren hamaseian kalean elkartuko gara. Patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da mobilizazio nazionala. Bilboko kaleak hartuko ditugu prekarietatea gelditu eta Euskal Herrian bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Kaleak hartuko ditugu, egungo egoera irauli eta agertoki berri bat sortzeko. Adi, prekarietateari ateak ixtera goaz!
Gaur, Bilbotik, dei egiten diogu Euskal Gazteriari sistemari hortzak ateraz, Euskal Herria eraikitzeko borrokara batzeko, Otsailaren 16an denak Bilbora!
Euskal Herrian bizi nahi dugulako, gazteon oraina borrokan da!