Prekarietatea kolektiboki borrokatzeko hautua egin dugu Bilbon

Ekonomia aurrera. Atzera. Gora, behera. Azkartzeak, desazelerazioak. Ezer aldatzen den bitartean zorabiatzen gaituzten ustezko datu objektiboak. Baina gauzak aldatu dira, gure kalterako… Aberatsak geroz eta aberatsagoak direlako eta pobreak geroz eta pobreago. Bihar krisitik aterako gara, pobrezian sartzeko. Prekarietateak gure bizitzen esparru guztiak hartu ditu, erasoaldi kapitalistak aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzea beste helbururik ez duen bitartean.
Euskal Gazteriak modu gordinean sufritzen ditugu haien politika ekonomikoak. PP, C’s, UPN eta PNVrena; Iberdrola, El Corte Ingles, Ibex35 eta patronalarena. Pobreziaren mugan kokatzen gara gazteon gehiengoa. Bizi proiektu bat eraikitzeko ezintasuna inoiz baino nabariagoa da. Ezegonkortasunez bete dira gure bizitzak. Baina ez dugu kasualitateetan sinisten.
Langile klasearen aurkako prekarizazioaren lehenengo eskaloia da gazteon kontrako prekarizazioa. Otzan eta sumiso nahi gaituzte, esplotazio gordinenak langile eta herri sektore guztiak blaitu ditzan. Oraina borrokatzeko grina lapurtu nahi digute, etorkizuna haien neurrira eraikitzeko.z
Borroka kolektiboa aldarrikatzen dugu, aliantzarik ankerrenei aurre egin behar diegulako. Espainia, elite politiko eta ekonomikoaren paktuan oinarritzen da. Eta badakite espainiar proiektua eta batasuna defendatzeko geratzen zaien bakarra errakzio neofaxista eta nazionalista dela: kapitalaren esplotazioa eta espainiar autoritarismoa txanpon beraren bi aldeak dira. Espainia, bere izaera autoritario eta oligarkikoagatik, ez da inoiz gai izanen herri honen behar Sozialei erantzuteko. Bestelako eredu sozioekonomiko baten alde lan egitea dagokigu, eta aukera daukagu horretarako. Espainia ahul dago, usteltzen ari den erregimena da; horregatik daukagu aukera nazio zapalduetan erabakitzeko eskubidea ardatz herri proiektu emantzipatzaileak martxan jartzeko. Espainiar proiektua apurtzen ari da erabakitzeko eskubidetik, mugimendu feministatik, langile mugimendutik, harrera herriak eraikitzetik, pentsionisten mugimendutik…
Euskal gazteriaren ahotsa entzun dadila. Entzun gaitzatela behingoz. Guk geuk antolatu eta borrokatzeko hautua egin dugu, gazte boterea eraikitzekoa. Bizi baldintzak borrokatu eta bizi eredu berriak eraikitzera goaz, zapalkuntza guzitekin bukatuko duen proiektua dugulako. Euskal Herria aske, sozialista eta feminista batean sinisten dugulako, posible delako eta horretara goazelako. Euskal Herria zerumuga berri baterantz eramango dugu. Gazteon oraina borrokan da!