Prekarietatea borrokatzeko hautua eginda, saretu eta kaleak hartzera

Iruñean eman diogu amaiera hiru egunez Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatu dituen GazteBirari. Goizean goizetik, Antsoaingo Txokogorri gunean tailerra eskaini du LuGaTiBe kolektiboak, eta aldi berean solasaldia eskaini dute Mendillorriko Antzara gunean Irati Majuelo mugimendu feministako kideak, Berta Garcia LABeko kideak eta Lur Arbizu Ernaiko bozeramaileak.
Gure bizitzako alor guztiak prekarizatuak daude eta eraiki eta sustatzen ditugun harremanak ez daude salbu. Emakumeok, emakume izateagatik, modu berezituan pairatzen dugu edozein zapalkuntza. Horregatik, feminismoa bera tresna oso garrantzitsua da prekarietatearen aurka borrokatzeko, zapalkuntzak gainditu eta aske izateko. Zentzu horretan, ezin garrantzitsuagoa da neska gazteen arteko aliantzak sortu eta feminizatuak izan daitezkeen lanak, kontratazioetan desorekak, zaintza lanak zein egunero jasaten dugun indarkeria zein botere harremanak borrokatzea.
Elkarretaratzea egin dugu Iruñeko Auzitegian ekimenari amaiera emateko. Bertan, azken hilabeteetako gertakariek emakumeon hitza ixilarazi eta ‘La Manada’ bezalako sententzietan izandako jarrera patriarkala salatu ditugu. Ez ezazue gure bizitzekin jokatu, gazteon oraina borrokan da!
Bilbotik Donostiako Alderdi Ederrera iritsi da arratsaldean Gazte Bira, kanping dendekin apaindu dugu ingurua emantzipazio problematika eta alternatibak landu baititugu.
Mahainguruan Oreretako Etxebizitza Komunitarioko lagunak, Okupazio Mugimenduko kide bat, Abaraska eta Gasteizko Emantzipazio Sareko esperientziak elkarbanatu ditugu eta alternatiba ezberdinen berri izan.
Ondoren, udaletxeko udal gobernuari, Hispanitate egunez jai egin duten honetan, mezu argi bat utzi diogu: ez dezatela gazteokin espekulatu, gazteok Euskal Herrian bizi nahi duguala!
Hiru ikasgai atera ditugu arratsaldeko mahaingurutik. Lehenengoa, etxebizitza modu komunitario batean ulertzeko beharra dugu eta kontzientzia hori piztekoa. Bigarrenik,alternatiba eta gazte ezberdinen artean saretezeko beharra dugula ikusi dugu eta azkenik, egungo etxebizitza eredua kolokan jarriz, bizitza eredu bat ere hala jarri dezakegula ikusi dugu eta bizitza erdigunean jarriz, eredu altenatiboak sortu.
Bilboko Zubiarte merkatal-zentruaren aurrean abiatu dugu GazteBira ekimeneko bigarren eguneko egitaraua. Gaurkoan, enpleguari lotutako prekarietatea lantzeko tartea hartu dugu hamarnaka gaztek.
Goizeko mahainguruan egoera prekario ezberdinen inguruan mintzatzeko aukera izan dugu. Tabernari zein zaintza lanetan aritu, atzerritik etorri zein Lanbide Heziketan ikasitako gazteek beraien esperientzia pertsonalak partekatu dituzte. Ondoren, Eragin mugimenduko Milia Ortiz de Pinedo, EHUko Ikerlarien Asanbladako Eneko Ander Romero, LAB sindikatuko kide Itsasne Nuñez eta Bilboko Ernaiko kide Iker Egiraunek prekarietatearen aurka antolatu eta borrokatzeko gakoak eman dituzte.
Mahaingurua amaituta, Confebaskeko egoitzara joan gara martxan. Bertan, gure bizitzak miseriara kondenatzen dituztei, bueltan jaurti diegu irenstera behartzen diguten zaborra. Ustelak, etorkizun beltza, zuena!
Hiru irakaspen nagusi atera ditugu Bilboko GazteBiratik. Batetik, gazteon lan baldintza prekarioak sozializatu eta kontzientziazio lan bat egitearen garrantziaz jabetu gara. Bigarrenik, kolektiboki eta sektore anitzetatik borroka amankomunak irudikatu eta elikatzeko ahalegina egin behar dugu. Azkenik, gazte bezala, kolektibo zapaldu eta prekario bezala, gure bizitzak zeharkatzen dituen prekarietatea borrokatzeko gazte olatua artikulatu behar dugu. Euskal Herrian BIZI aldarria bera ere gure bizitzako esparru guztietara eraman beharrean gaude.
Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen Hezkuntza Ordezkaritzaren egoitza parean eman diogu hasiera hiru egunez Hego Euskal Herriko lau hiriburuak zeharkatuko dituen GazteBirari.
Ekimena eta kontzentrazioa egin ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Sistema arrotza inposatzen duen Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Ostean, ‘Hezkuntza prekarietatea’ lantzeko tartea izan dugu Gasteizko Gaztetxean egin dugun mahainguruan. Bertan parte hartu dute Amaia Andrieu (irakasle ohia), Iker de Luz (Ikasle Mugimenduko kide ohia), Iratxe Letona (Ikasle Mugimendua eta Ernaiko kidea) eta Oriol Salesek (SEPCko kidea).
Hiru irakaspen nagusi atera ahal izan ditugu mahainguruan. Batetik, ezinbestekoa da Euskal Errepublikaren eraikuntzan sakontzea Euskal Hezkuntza Sistema Propioa gauzagarria izan dadin. Bigarrenik, eraikuntza eta borroka bera Ikasle Mugimenduak Hezkuntza Komunitatearekin elkarlanean egin behar du eta ez modu isolatuan. Azkenik, alternatiba erreal eta praktikoen aktibazioan sakondu beharra dagoela, borrokatzen dugun Hezkuntza Sistema gaurdanik eraiki dezagun, tokian tokiko problematikak irauli eta gure nahi eta beharrak asetuko dituztenak sustatuz.