PNV, amaitu zaizue txoiloa!

Gaur, Ernaiko kideok Donostian batu gara azken asteetan Eusko Jaurlaritza zein komunikabide handietatik jasaten ari garen kriminalizazio kanpainaren aurrean, hitza hartzeko. Asteak daramatza Erkorekak gure inguruan soilik hitz egiten, ez omen da arazo handiagorik pandemia garai hauetan. Lehenengo, esan nahi dugu gazteon eta Ernairen inguruan hainbeste hitz egiten ari den honetan, komunikabideek eta batez ere komunikabide publikoek guri ahotsa behin ere eman ez izana eskandalu hutsa iruditzen zaigula. Denak ari zarete gutaz hizketan, baina gutxietsiz eta isilararaziz, gazteria kriminalizatzen ari zarete.
Lakuako Gobernuak, Urkulluk, lehen aldiz eramango du gorroto delitua Fiskaltzara. Lehen aldiz jo du Fiskaltzara gorroto delituagatik, zer eta Gazte Antolakundearen aurka egiteko. Sinestezina iruditzen zaigu.
Erridikuloa da: gorroto delitua, hain zuzen sektore zaurgarriak babesteko tresna juridikoa denean; zerbait begi bistakoa bada, hori da Ertzaintza ez dela inondik ere sektore zaurgarria, babesgabetasunean eta bazterkerian erortzeko arriskua duen sektorea. Are gehiago, frogatu izan da polizia gehiegikeriak salatzea ezin dela gorroto delitua izan. Euskal Herrian badira kolektibo zaurgarriak gorrotoa egunero pairatzen dutenak, eta horien aurrean inoiz ez du Lehendakaritzak bide hau baliatu. Argi diogu: gazteak, langileak, migratzaileak… borraz jipoitzen dituen Ertzaintza ez da inondik inora kolektibo zaurgarria.
Kezkagarria da, are gehiago, polizia gehiegikeriak salatu eta polizia ereduaren inguruan hausnarketa eskatzen duena seinalatu eta kriminalizatzea. Hain zuzen, poliziaren gaineko kontrol eta birpentsatzea da edozein herri demokratikok sustatuko lukeena. Ordea, Jaurlaritza Ertzaintzako zenbait sindikatu (eta sektore ultraeskuindarren) atzetik dabil. Jusapoleko pultserak janzten dituztenak, eitb-ra harrotasunez kamixeta ultrak daramatzatenak… ez dira kasu isolatuak, ez dira deskontrolatu hutsak, gorputz polizialaren baitan ematen ari den joeraren adierazle baizik eta geroz eta antolatuago, eta egituratuago daude Ertzaintzaren baitan. Eta Jaurlaritzak badaki, baina haiei men egitea erabaki du. Eta hori aldatu ezean, Ertzaintzak herri honekin arazo bat izaten jarraituko du.
Baina gu ez gara tronpatzen. Ondo ulertzen dugu zertara datorren gorroto delituaren istorio hau. Eta azalpena argia da:
Batetik, PNVri ez zaio interesatzen azken aldian gazteon larrialdi egoera mahai-gaineratzeko kaleetan egin dugun lana. Hori bai da Jaurlaritzan kezkaz bizi beharko luketen gaia: 3 gaztetik 1 langabezian dago Hego Euskal Herrian; gazteon erdia ezin da emantzipatu (gurasoen etxetik ateratzeko bataz besteko adina 30 urte izanda); antsietate, depresio eta estres kasuak bikoiztu egiten dira gazteon adin tartean eta erraza da zergatia ulertzea: espektatiben krisia bizi dugu belaunaldi bezala. Enplegu duinak, emantzipatziorako neurriak eta kalte psikologikoetarako baliabide publikoak, horixe da Jaurlaritzak gazteoi eskaini behar ligukeena. Eta bitartean, erantzuna da aldarrikapen hauekin kalera ateratzen garen gazteak jipotu eta kriminalizatzea. Hori da euskal gazteon larrialdi egoera!
Baina sakonago begiratuta, PNVk Ernairen aurka gorroto delituarekin abiatutako mugimenduak haien ahuldade ikusteko balio du. PNVk badaki txolloa amaitzen ari zaiola. Gestio onaren domina erortzen ari zaio, eta arreta desbideratu beharra du: azken egunetan zabaldu dira AHTaren obretan bi langilek izandako istripuaren irudiak. Donostiako metroko obretan, enpresak jakinarazi du inoizko zulorik handiena agertu dela. Bitartean, migratzaile bat gure mugetatik ihesi Bidasoako ibaian ito da. Zaldibarko zabortegian gertatutakoa gaur gaurkoz argitu gabe dago. Eta IƱigo Cabacasen erailketaren erantzuleak ere bai. Zer esanik ez bizitzen ari garen pandemiaren gestio negargarriaz. Baina Erkoreka jaunak ez du Ernai seinalatzea baino lan garrantzitsuagorik. Antza, kartel eta margoketak gorroto delituarekin lotzea da Segurtasun Sailburu gisa gizarte honi egin diezaiokeen ekarpen onena, asteak gai honen inguruan hizketan pasa ondoren. Egia esan, erridikuloa da egiten ari zaretena. Lotsagarria da zuen legegintzaldian, pandemia garai honetan eta krisialdiaren atarian honi begira aritzea, eta gizarte osoa zirku honi begira jarri nahia. Orain Ernairen aitzakiapean egiten ari zarete. Eta antzerki honen errentagarritasuna amaitzean, beste bati helduko diozue. Erridikuloak zarete. Lotsagarria da, baina ez gaitu gehiegi harritzen. Azalpen bakarra hori baita: ezker independentismoaren aurkako kanpaina mediatiko eta politikoan urrats bat gehiago da Ernairen aurkako hau.
Baina gu gurera. Ez gara honetan eroriko. Oker dabiltza gure lanetik desbideratuko gaituztela uste badute. Kriminalizazio eta oztopoen aurrean, eraldaketa eta burujabetza aldarrikatuko dugu alternatiba bakar bezala, gazteon miseria hau amaitu dadin. Eta gonbita egiten diegu Urkullu eta Erkorekari, gu seinalatzeari eta kalumniatzeari utzi, eta behingoz, herri honen alde lanean has daitezen. Oasia gainezka egiten ari zaizue eta, txoiloa amaitu zaizue.
Gora euskal gazteria!
Jo ta ke irabazi arte!