PITZATU, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen

‘PITZATU, Gazte Boterez Euskal Herria eraikitzen’ Ernai eta Ipesen artean ekoiztutako hausnarketa, eztabaida eta ekinbiderako gonbita bat da. Azken bi urteotan elkarlanean aritu gara, emeki emeki, gazte boterearen gaineko ariketa berri bati gorputza ematen. Esan beharrik ez dago ez dela abordatzen gai erraza. Gazteria eta Boterea termino iheskorrak dira beti eta, garai nahasiotan, taxuzko ezer arrantzatzea asko kostatzen da. Kontuak atera, gazteriaren gaineko literatura apurra, hein handi batean, berrogei urteko ibilia izan duen herri hontako gazte antolakundearen ekarpena izan baita! Beste horrenbeste urte bete dituen Ipesen partez, 2012an egin zuen gai honen gaineko ekarpen nagusia “Eta gazteok zer?” lanaren bidez.
Apika literatura faltak bultzatuta, eta esku gehiagorekin aisago arrantzatzen delako, abiatu eta berehala jo genuen hausnarketa lan talde sustatzailetik atera eta inguruko gazteekin partekatzera. Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Baionan eztabaidak egin genituen hainbat gazterekin 2016 urtearen hondarrean eta iaz, UEUko Udako Ikastaroen baitan lan saioa izan genuen Iruñean berriz. Gerora, Ernairen ‘Inurritegia’ eztabaida prozesuan ekarpenez josia izan da eta amaitzeko, liburuxka hau ekoizteko lanetan izan gara eskuz esku.