Orainari kolpeka, gazteok Euskal Herri sozialista eta feminista eraikitzen!

Gutxi hitz egiten da jada krisiaz, urte batzuk omen daramatzagu eta krisitik “irteten”. Baina hobetzen ari dena patronalaren eta burgesiaren ongizatea eta datu makroekonomikoak dira, eta ez kasualitatez. Krisia abiapuntu, burgesia politikari ustelen laguntzaz inposatzen ari den kapitalismoaren erreforma neoliberala herritarron bizitzak kapital metaketaren mesedetan prekarizatzeko egiturazko neurri bat da. Kapitala krisitik ateratzen ari da gure bizitzak etengabeko krisira kondenatuz, muturreko prekarizaziora.
Gazteok bereziki pairatzen dugu prekarizazio prozesu hori gure bizitzako esparru guztietan, egoera bereziki zaurgarrian gaudelarik. Ezinbestean pasa beharreko ezegonkortasun etapa bat dela esaten digute berau asumitzeko, baina iragankorra izatetik urrun, langile klase osoaren esplotazioan sakontzeko estrategia baten oinarria da, babes-sozialerako sistema publikoen murrizketarekin batera. Prekarietatea geratzeko etorri da.
Gobernatzen dutenen ahotik entzuten dugu politika-sozial eraginkorrena dela enplegu-politika, eta gazteon langabezia-tasak behera egin duela esanez ahota betetzen dute. Baina ez digute esaten nolakoa den sortzen duten enplegua, ez digute esaten bultzatzen duten enplegu-politikak burgesiak gazteon lana gehiago esplotatzea ahalbidetzen dutela, eta gazteontzeko prekarietatea baino ez dakarrela:
- Aldi-baterako kontratuen gorakada ikaragarria eman da, kontratuen %20,5ak baino ez duelarik urte bat baino gehiagoko iraupena.
- Lan aldi partzialak ere gora egin du, gehienetan behartua delarik.
- Gazteon bataz-besteko soldata pobrezia erlatiboaren mugaren azpitik dago. Horretaz gain, ezin ahaztu gabe utzi estatistiketan agertzen ez diren eta gazteok (eta bereziki neska gazteok) beltzean egiten ditugun ezkutuko lanak, inongo aitortza eta eskubiderik gabe egiten ditugunak.
Kapitalaren erasoaldi neoliberal honen aurrean, euskal gazteriak lehen mailako erronka dugu prekarietatearen aurkako borrokan. Ezinbestekoa da esparru ezberdinetan antolatzea eta prekarietatearen aurkako gazte borroka indartzea, euskal langile klasearekin eta bestelako herri-sektore prekarizatuekin aliantzan: martxoaren 8an mobilizatu ziren emakumeekin, pentsionistekin, borrokaz Productos Tubularesen EREa atzera botatzea lortu duten langileekin… batera gazteok ere aldarrikapen propioz kalera atera behar gara!
Era berean alternatiba gorpuzten hasi behar gara, eta bide horretan burujabetza osoa Euskal Herrirako eskuratzea ezinbestekoa da. Espainiar estatuarekiko menpekotasunari (non aldaketarako baldintzarik ez dagoen), eta aitzakia horretan ezkutatzen den burgesia erregionalistaren eskaintza neoliberalari, burujabetza eskuratzeko herri-prozesu bat kontrajarri behar diogu, bertan kokatuz prekarietatearen aurkako eta bizi-proiektu duin baten aldeko aldarria, eta alternatiba ezbedinen eraikuntza. Euskal Herrian badaude hainbat borroka martxan, horiei bide emateko tresna da burujabetza.
Maiatzaren lehena langileon nazioarteko eguna dugu eta euskal gazte langileok, eguneroko borrokan berresten gara gaur. Aldarrikapen abstraktuetatik harago, egitasmo zehatzak martxan jartzea da dugun erronka: Poltsikoak betetzeko prekarietatearen inposizioaren aurrean makurturiko gazteria sumisoa nahi dutenen aurrean, antolakuntza eta borroka dira gure arma.
Prekarietatea eta esplotazioa gainditzeko borrokaz kapitalismoa suntsitu behar dugu, bizitza erdigunean jarriko duen alternatiba eraikitzearekin batera. Eta hori, gaurdanik antolatzen eta borrokatzen egiten da.