Oraina borrokatzeko koordenadak

Nora doaz zure bizitzaren koordenadak? Nork markatuta? Sarritan, galdera asko planteatzeak erantzunak bilatzen hastea zailtzen du. Horrenbeste dira erantzun beharreko galderak nahiago izaten dugula aurrera jarraitu.
Baina aurrera jarraitu ahala galdera gehiago sortzen dira, eta baita zenbait erantzun begien aurrean aurkitu ere. Jaiotzen garenetik eman beharreko pausuen norantza markatzen digute. Erlojuaren tik-tak frenetiko eta konstantearen erritmora bizirautera behartu.
Lan kolektibo honetan parte hartu dugunok ere zure antzera gabiltza. Txirrinak jotzen duenetik berriz iratzargailua jartzerainoko bizi zurrunbiloan. Etengabe. Buelta eta buelta. Norantz ordea?
Koordenada batzuk jarri nahi izan ditugu zure eskuen artean. Pausatu eta ingurura begiratzeko koordenadak. Bizirautera kondenatu gaituzten errealitate ilun eta bakarti honetan arnasa hartu dezagun. Burua altxatu eta ukabilak estutu. Aitortu behar dugu zailtasun batzuekin ere aurkitu garela. Gure Herria hiru eremutan zatikatua egoteak datu eta informazio iturriak aurkitzerakoan oztopoak jarri dizkigu. Koordenada hauek ere balio dezatela gure Herria berbatzeko.
Gazteok prekarietate gordinean itotzen ari gara, bai, bizitzako eremu guztietan. Orriotan bereziki hezkuntza, enplegua eta etxebizitzan sakondu dugu. Hauek baitira gure bizitza koordenada okerretan norabidetzeko erabiltzen dutenak.
Erlojuaren erritmora bizi gara eta ez gara gai erlojuaren orratzak guk geuk kontrolatzeko. Nork mugitzen ditu orratzak? Gure egoeraren erantzuleek izen eta abizenak dauzkate. Erlojuaren orratzek koordinatzen bagaituzte, puskatu eta koordenatu dezagun elkarrekin orainaren borroka.
Sinetsarazi nahi izan digute beste aukerarik ez dagoela, baina dena zalantzan jartzearen ohitura ederrak gezur hau ezeztatzera eraman gaitu. Horixe bera da esku artean duzuna, inkonformismo garrasi bat. Dena galduta dagoela uste dugunean, sentsazio horren aurrean, oraina borrokatzeko koordenadak eskaintzen dituena.
Euskal Herrian bizi nahi dugulako, oraina borrokatuz etorkizuna irabaztera.
Kalera!