ORAIN DUGU AUKERA

Orain dugu aukera, dena aldatzeko!

Krisia, krisia eta krisia, hori izan da gure belaunaldiak bizi izan duen bakarra: krisi ekonomikoak, osasun krisiak edota krisi klimatikoak zibilizazioa krisira eraman gaituzte. Etorkizunarekiko espektatiba guztiak zapuztu dizkigute. Hori baino gehiago ere bai: alternatiba ezaren ideia zabaldu dute. Espektatiba berriak ezin direla eraiki sinetsarazi nahi izan digu kapitalak eta horren mesedetan diharduten estatu zapaltzaileek.

Belaunaldi krisiaren aurrean gaude bai. Eta hurrengoak dira azpimarratu nahi ditugun ideia nagusiak:

  • Bizi baldintzen erabateko prekarizazioa
    • Azken hilabeteetako bizitzaren garestitzeak areagotu duena gainera
  • Hezkuntzaren merkantilizazioa
  • Balio eta jarrera matxista eta autoritarioen gorakada, faxismoaren gorakadarekin batera
    • Espainiar Estatuaren eta hedabide handiek normalizatu eta hauspotzen dute hau gainera.
  • Neoliberalismoaren eraginez indibidualismoaren hedatzea eta bizi eredu kapitalista eta patriarkalen indartzea.

Testuinguru honetan bete ditu Ernaik 10 urte, azkar esaten da ezta? Baina ez gara melankoliko jarriko, orainari zein etorkizunari begira gaude, asko egin dugulako bai, baina lehen esan bezala asko dugulako aldatzeko oraindik. 10 urte hauetan Ernai ezaugarritu duena krisiari eta kapitalismo zisheteropatriarkalari aurre egiteko borroka zein bestelako mundu bat eraikitzeko lana izan dira. Bien arteko dialektikan aritu gara.

Ikasturte honetan, Euskal Herriko herri eta auzoak astinduko ditugu eta gauzak aldatu ezin diren ideiaren kontrako norabidean ekingo diogu. Sistemari su eman eta berriz hasiko gara, gurea eraikiko dugu. Euskal gazteria etsipenetik ateratzeko eta ortzi-muga eta helduleku bat apustua gure egiten dugu.

Hankaz gora dagoen mundu eta momentu honetan, badugula aukera bat esan nahi dugu lau haizeetara. Orain dugu dena aldatzeko aukera. Orain egiten ez badugu, agian, bihar, beranduegi izango baita. Orain egingo diogu aurre bizitzen uzten ez gaituen krisi eta kapitalismo zisheteropatriarkalari.
Norabide honetan hiru dira mahai gainean jarri nahi ditugun aldarri nagusiak.

  • Gazteon bizitzak berehalako duintzea:
    • Lan duina gazte guztiontzat. Langabezia Prekarietatearekin amaitu.
    • Etxebizitza duinerako eta emantzipaziorako eskubidea.
    • Osasun mentala ez da negozioa. Baliabide publikoak osasun mentalerako.
    • Hezkuntza sistema publikoa. Tasekin amaitu.
    • Energiaren eta oinarrizko produktuen prezioak mugatu.
  • Une historiko honetan, non kapitala inoiz baino gehiago ari denean bizitza arriskuan jartzen, erroko eraldaketa sozioekonomiko erradikalean kokatu eta herritar, langile eta gazte guztien bizitza duinak eskuratzeko zentralak diren neurriak garatzea:
    • Merkatuaren interbentzioa eta (oinarrizko/estrategiko) azpiegituren publifikazioa; hala nola, sektore energetikoarena.
    • Aberastasunaren banaketa erradikala
    • Zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntza
    • Hezkuntza publiko, burujabe eta nazionalaren eraikuntza.
  • Bizi eredu eraldatzaileen aldeko apustua egin eta Euskal Herri askea gaurdanik eraikitzea:
    • Bizi eta jendarte eredu horiek eraldatzeko gaitasuna izango duten alternatiba eta proiektuak herri eta auzoetatik eraikitzea.
    • Balio komunitarioen indartzea
    • Hezkuntza publiko burujabe eta nazionala

Horrekin batera, gazteriari dei egin nahi diogu bere buruen jabe egin, antolatu eta boteretzera. Ez dugu biharko utziko gure bizitzen aldeko borroka. Gazteoi dagokigu, gure bizitza duinak bermatuko dituen proposamenak borrokatzea. Gazteok dakigulako, belaunaldi krisi honen aurrean zer eta nola behar dugun.

Norabide honetan, hurrengo hilabeteetan hamaika egitasmo antolatuko ditugu: gure aldarriak euskal gazterian zabaltzeko kale agitazioa, egitarauak herri eta auzoetan, ekimenak, problematika lokalei lotutako lanketakā€¦ Eta Euskal Gazteria bestelako alternatibak sortzeko gaitasun kolektiboa duela ikusaraziko duen Gazte Topagune erraldoia antolatuko dugu aurten.

Hau, Apirilaren 6tik 9ra Elorrion egingo dugu. Hausnarketarako eta konspiraziorako espazioa izango dugu, gure proiektu politikoan amestu, hau marrazten eta eraikitzen egongo gara. Egitarau zabala eta askotariko izango dugu, aisialdi eskaintza izango dugu Euskal Herriko gazte independentiston topalekuan.

Antolatuta, batera lan eginez, kolektiboanā€¦ edozer dugu posible.
Testuinguruak inoiz baino gehiago horrela eskatuta, kaleak hartuko ditugu. Kapitalaren mesedeei erantzuten dieten neurrien aurrean tinko egongo gara. Pentsionistekin batera, mugimendu sozialarekin batera, gainontzeko gazte mugimenduarekin batera.

Gu ez gara gure etorkizuna zein izango den zerura begiratzen geratuko direnak, gu, hemen eta orain, gure etorkizuna zein gure oraina eraldatzera goazen belaunaldia gara. Orain arteko guztiarekin apurtuz erroko alternatiba baten alde lanean jarraituko dugu.

Sinetsarazi nahi diguten horren aurrean, gure proiektua utopia bat baino askoz gehiago da: Euskal Herrian dago, zehatza da eta egingarria ere. Euskal Herria feminista eta sozialista du izena eta hau antolakuntza eta borrokaz eraikitzera goaz.

Beraz, hurrengo hilabeteetan zehar Euskal Gazteriari kaleak hartzera, borrokatzera eta posible den beste mundu horren alde antolatzera ere dei egiten dugu. Mundu honetan bizi gaitezkeelako, baina ez orain arte bizi izan garen bezala, bizitza duinen alde borrokatzea eta bizi eredu askatzaileak lortu behar ditugu, Euskal Herri, aske, sozialista eta feminista eraikitzeko.

Ez utzi biharko
Orain dugu aukera,
dena aldatzeko!